GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

PPk ez du dotoretasunaren alde ere topa egiten

Hautsak harrotu ditu herenegun Donostiako udaletxean argazki kamerek jaso zuten brindisak. Zehatzago esateko, hautsak harrotu ditu zenbait hedabidek Donostiako jaien testuinguruan guztiz normal eta ohikoak diren agur eta solasak oker politiko gisa aurkeztu izanak. Alkatearen eta PPko zinegotzien artekoak ez zuen oinarrizko adeitasunetik haragoko garrantzirik, are gutxiago ekitaldi instituzional batean izanda, eta edozein herritarrek normaltasunez hartuko zuen; baina, absurduraino eramanda, estatu-gai bihurtu dute. Hala ere, Gonzalez Pons PPko Komunikazio idazkariordearen barkamen eskea bere alderdiaren kontraesanen agerpena baino ez da. PPk ez daki, oso zaila baitu, nola bateragarri egin Madrildik igortzen duen gogortasun mezua eta Euskal Herrian eman nahi duen irudi neurritsua, eta bere bi zinegotziren portaera normala jarrera gaitzesgarri gisa aurkeztu dute, zinegotzi horien presidente Antonio Basagoitiren beste keinu bat -gustu txarretik haragoko garrantzirik ez duena, baina eman nahi duen irudiarekin bateraezina dena- eredu hartuta. Nolanahi ere, on litzateke Donostiako udaletxekoa bezalako keinuak ugalduz joango balira, eta haiekin batera elkarbizitzarako keinu gehiago. Horren aldeko jarrera erakutsi izan du Izagirrek, eta horren eta Basagoitirenaren arteko aldea erraz ikusten da. Dotoretasunean, besterik ez bada ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo