GARA > Idatzia > Kultura

KATE MOTZEAN: IRATI JIMENEZ

«Oporretan zein neguan herri txikiak infernu handiak direla uste dut»

p044_f01.jpg

Testua: Maider IANTZI       
Argazkia: Iñigo URIZ | ARGAZKI PRESS

«Nabarra» aldizkariaren ardura du egun Irati Jimenez mundakar kazetariak. Udan nahi beste ez duela idatzi baina irakurtzearen plazeraz gozatu duela eta, pozik da. Oporretan baino, erdi oporretan harrapatu dugu.

Oporretan harrapatu zaitugu. Zer moduz doa uda?

Erdi-lanean, erdi-oporretan, ia beti lagun artean.

Udak iradokitzen dizun hitza edo adjektiboa?

Aditza hobe: egotea.

Eta usaina?

Hondartzak duen hori: eguzkitako krema eta bokadilloak.

Uda aproposa izaten da urtean zehar irakurri ezin izan ditugun gustuko liburuak lasai-lasai irakurtzeko, edo idazteko...

Nahi baino gutxiago idatzi dut baina irakurtzearen plazera itzel gozatu dut. Banuen gogoa!

Udako egunak ala gauak nahiago? Eta zertarako? 

Egunaren orduetara arte luzatzen diren gauak, edozertarako gai garela sinets arazten digutenak.

Hondartzan eguzkitan ala itzaletan ahal bada?

Uretan, hobekien. Eguzkitan gutxi irauten dut.

Hondartzan ala mendian?

Itsasoa dut gustukoen, beraz, hondartza nahiago.

MP3 edo irratia?

MP3 edo irratirik gabe, normalean.

Egunkaria ala liburua?

Gosaritan egunkariari uko egitea gogorra da, baina behartuta banago liburua aukeratu beharko.

Oporretan erabat deskonektatuta ala herrian zer gertatzen den zeharka begira egotea gustatzen zaizu?

Oporretan zein neguan herri txikiak infernu handiak direla uste dutenetakoa naiz. Berezkoa dut deskonexioa eta beharrezkoa ere bai.

Telefonoa beti ondoan duzula ala noizean behin piztuz?

Ia beti ondoan daramat. Ez dut beti erantzuten.

Inora oporretan joaten zarenean guztia ondo lotuta eramatea gustatzen zaizu ala inprobisatzen ibiltzen zara?

Dena lotuegi badago ez naiz erabat oporretan sentitzen.

Maleta handiarekin ala txikiarekin?

Behar baino handiagoa, nahi baino txikiagoa! Txarra naiz maletak egiten.

Argazki makinekin dena gordetzen duena ala memoriaz fidatzen dena zara?

Memoriaren gezurrak atsegin ditut antza, maiz ahazten baitut kamera.

Egin duzun oporraldirik bereziena, edo bidaiarik txundigarriena?

Bat baino gehiago. Baina burura datorkidan lehena iazko martxoan Lisboara egindakoa, zorion-loretan.

Egiteko duzun ametsetako oporraldia?

Ez dut halako kapritxo berezirik helmugari dagokionez. Bidaideak onak badira, edonora.

Udan huts egiten ez duzun urteroko zita, derrigor bete beharrekoa? 

Uztailaren 31n lagun minaren urtebetetzea da. Ez dut imajinatzen egun horretan Mundakan ez egotea.

Uda perfektu hura gogorarazten dizun kantua?

Asko gustatzen ez zaidan kantu bat, bitxia bada ere. Manu Chaoren «Desaparecido».

Irakurri eta erabat harrapatu zintuen liburua?

Uda honetan irakurri dut Alessandro Bariccok egin zuen Iliadaren egokitzapena, «Homero, Ilíada». Egunetan izan dut irudimenaren bazterretan bueltaka.

Euskal Herriko giro politikoa deskribatzeko erabiliko zenukeen fenomeno atmosferikoa?

Urdaibaiko itsasgora. Une batez harea baino ez zen ikusten eta konturatu baino lehen dena da itsaso.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo