GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Amaierak

Hil nahi zuela esaten zuenean, beraren barruan ezin bizi zebilela, arnasa hartu ezinik, nik hitzez eta hitzez betetzen nizkion belarriak. Poliki-poliki egingo genuela esanez, barruko ahots traidoreak bere lekuan kokatzen laguntzeko, poliki-poliki dena, ez baitago besterik bihotz apurtu bat babesteko.

Bere emazteak utzi egin zuen, uda hasieran. Etxetik lau gauza hartu eta joan egin zen, beste bizitza baten bila. Hitzek, hain zuzen, ez baitzuten jada inolako zentzurik harentzat, arnasa beste nonbaiten zuela zain jakin zuelako. Eskubidea zuen, zilegi zen, eta horrek ez zuen atzera bueltarik. Baina, hala ere, beste pertsona baten erabakiak hainbeste eragiten dizunean, emozionalki hilzorian uzten zaituenean, eskubideek, zilegitasunek, arrazonamenduek eta besteen hitzek ez dute ezertarako balio, banan-banan hartu eta paretaren kontra ostiaka aritzeko gogoa areagotzeko ez bada.

Neba horrela ikusita, arnasestuka, tristurak janda, zer egin nezakeen. Ezin nion esan nik ulertu egiten nuela Luzia, miretsi egiten nuela izandako ausardia, bere buruarekiko begiruneak bultzaturiko erabakiak itxaropena pizten zidala, pertsonok gauzak aldatzeko dugun ahalmenaren itxaropena, irentsi eta irentsi eta irentsi baino gehiago garelako, mugak baditugulako, eta batik bat, beti bukatzen dugulako indarra aurkitzen, edo, topatu ezean, sortu eta asmatu egiten dugulako. Ezin nion halakorik esan, egia egia izan arren, mingarria eta ankerra ere badelako, eta askotan, jasanezina, besterik gabe.

Beraz, bestelako hitzez betetzen nizkion belarriak, bere buruari eta etorkizunari errepara ziezaion, besteak egindakoari buelta gehiagorik eman gabe. Esaten nion jada ez zuela zentzurik, aurretik bizitako gauza askoren ondorioa baino ez zela, agian uneren batean izan zuela konponbiderik, baina hori joanda zegoela eta ez zela itzuliko, beranduegi zela. Berak negar eta negar egiten zuen, egia, jasanezina izanda ere, antzeman egiten dugulako. Egun bat, hurrengoa, beste bat, malkoz bustitako uda, negu gorria nebaren bihotzean, etorkizun beltzaren zama gainean; bitartean, etorkizun berriaren zirrara haren emazte izandakoaren gorputzean, emazte baino askoz gehiago izanik, bidaia pertsonalaren gozamenean murgilduta.

Horrelakoa da bizitza. Txikitatik erakutsi beharko ligukete gauzak bukatu egiten direla, beste pertsonak ez direla norberaren jabetza bat, behin hartu eta betiko izan ditzakegunak, gure era eta gurarira moldatuta. Harremanak etorri eta joan egiten direla, arrazoiak arrazoi, eta erabat naturala dela, mundu mota honetan sortu ditugun frakaso, frustrazio, izu eta gezurrezko irudi guztiak behin eta berriz bultzatzeari utzita.

Zoritxarrez hori ez da ikastolan ikasten. Are gehiago, zortea izango da noizbait ikasten badugu, eta onartu, aurrera egiterakoan kaka hutsa izatearen sentimendurik gabe egiteko, norberarenganako maitasuna eta egiak zainduz egiteko. Besteena begiratu barik, erruak eta traizioak besteengan kokatzeko inolako beharrik gabe, guk geuk geure burua txotxongilo bihurtzeari utzita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo