GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Markel IRIZAR | Radio Shack taldeko txirrindularia

Eskatzea libre da


Bat gutxiago, gaurkoa ere egin dugu, eta erlojupekoaren atarian gaude jada. Profilari dagokionez, ongi etortzen zaidan erlojupekoa ematen du Salamanca alde honetan dugun 47 kilometroko saioa, eta haizeari eta erlojuari aurre egiteko guztiz motibatuta nago.

Baina erlojupekoaren aurretik, Covatillako etapa gogorra gainditu behar izan dugu. Mendate honetan hasi zen Covatillako banda ezizenarekin ezagututako «satelite» batzuen grupeta. Ia bertako garaileek eta protagonistek baino sona eta oihartzun gehiago lortu zuten, aldizkari ezagun batean biluzik agerturiko argazki eta beste trastada batzuk tarteko.

Eta mendate ezagun horien maldatan isuri ditugu gaur izerdi tanta batzuk. Baina gaur, azken egunetan gertatu zaizkidan pare bat historia xelebreri buruz mintzatuko natzaizue.

Jakingo duzuenez, tradizioz, txirrindularitza da dohainik gauzak ematen dituen kirol bakarra. Bidoiak, biserak ala argazkiak ematea oso ohikoa da. Espainia aldean, sarritan, animatu eta lasterketa ikusten baino lan gehiago edukitzen dute bidoiak, biserak ala dena delakoak eskatzearekin. Baina sinesgaitzena, hori bai, Sierra Nevadan autobusera gerturatu eta ur freskoa ala edateko zerbait emango genion eskatu zigun gizon batena izan zen. Agian gure autobusari txiringito itxura hartuko zion... Hori gutxi ez balitz, beste batek marka guztiak apurtu eta ia gurpil batzuk kotxetik hartu ahal zitzakeen eskatu zigun. Autoan eraman genuen gonbidatuetako bat ahoa bete hortz geratu zen; hori bai, hasierako flash-etik errekuperatu zenean, erantzun zion ez zegoela arazorik, baina hobe gure auto zuri-gorritik baino ondoko auto urdinetik hartzen bazituen....

Pasadizo hauek guztiak gertatzen direnean, umetan amak gauza asko eskatzen nituenean errepikatzen zidana datorkit gogora: «Eskatzea libre da, baina ez ematea ere bai!».

Kontuak kontu, behin eskatzen hasita, erlojupeko ona egitea eskatzen dut. Ea oraingoan gehitxo eskatzea ez den!!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo