GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Zubimendi | Kazetaria

Egia guztiak garratzak direlako

Interes handiz jarraitu dut Martin Garitanok Catalunyan ustez esandakoekin fabrikatu den polemika. Hitzez hitz leitu nituen bere hitzak eta biktimekiko, niretzat, gizon-gizon portatu da. Problema, baina, batzuetan esan gabe jakitera eman daitekeela da. Eta bestetik, biktimen gaiarekin hamar-hamabost urteko «atzerapena» dugula beren interes eta bizibideak hor bilatu dituzten profesionalekin alderatuta. Garapenerako aukeraz beteriko lauzpabost parametro argi eta zehatz finkatu bitartean, irristakorra eta deserosoa den eremua delakoan beldurraz-edo ibiliko gara. Egia guztiak garratzak direla barneratuta, denbora berriotan gai hau gardenagoa eta irekiagoa izan beharko litzatekeelakoan nago.

Biktimen gaiarekin, auzi politiko bat auzi afektibo bilakatu nahi izan dute luzaroan. Nagusitasun morala eskuratzeko, indar metaketa blokeatzeko, horrela ezker abertzalea politikoki azpiratzeko. Niretzat, hein handi batean, arrakasta lortu izan dute. Haien problema, eta denona, egoera errotik aldatzean, inertziak nola alboratu, norbere eskemak nola aldatu eta biktimen gaiarekin euskal jendeari gertakariak konfrontaziorako ez den modu errespetagarri eta duinean nola eskaini da.

Iragana orainean ere bizi da. Irakaspenen ondarea dugu. Oraina da lanabes, eta balizko makrokonponketa baten zain egon gabe, oinarrian, auzo eta herrietan, atzoko etsaien artean bilduz, badago zer aurreratu. Bilboko Ametzolako krabelin gorriek hunkitu ninduten, Edurne Brouard, Kristina Sagarzazu eta Rosa Rodero Santi eta Josuren oroitarrian batuta ikustean. Adibidea da, baina bere txikian esanahi handikoa.

Etorkizuna da ardatza, funtsezko funtsa. Politikoetan baino nik gehiago sinesten dut gatazkaren lehen lerroko protagonista izan direnenengan. Egindakoak eginda ere, errespetua eta zuzentasuna badute eragindako mina aitortzeko, itxi gabe dagoen gatazka odoltsua sano eta zornerik gabe ixteari begira beren ekarri ondratua egiteko.

Zaila eta deserosoa dela badakit. Baina ondo dago horrela izatea. Erronkan jartzen zaituelako. Zure barne-barneko uste eta iritziekin autokritikoagoa, hausnarkorragoa, indartsuagoa egiten zaituelako. Zailtasuna eta deserosotasuna sentitzea hobe da beste norbait minetan bizitzera kondenatzea baino.

Historia, bere min lazgarriekin ere, bizi egin behar da; baina adorez aurre egiten bazaio ez da zertan berriz errepikatu eta bizi beharrik izango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo