GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Patxi Zabaleta, Jon Abril eta Rebeka Ubera Aralarreko zuzendaritzako kideak

Aldebakarrekotasuna

Anoeta eta Loiola zaharkiturik geratu den iraganaren eredu dira. Bortizkeriaren bukaeraren duintasuna aldebarrekotasunaren printzipio demokratikoan bakarrik oinarrituta bermatuko da.

Aldebakarrekotasuna, hitz latz hori bilakatu da garai hauetan bake politikoaren bidean jarraibide. Aldebakarrekotasuna da prozesuaren duintasunaren bermea eta normalizazio politikoaren sinbolo edo eslogan politikoa. Gernikako Akordioaren lehenengo puntuan jasotzen da, eta horixe da bakegintzaren eta normalizazioaren benetako bidaia-orria, Euskal Herriak behar duena eta exijitzen duena.

Bakearen bidean mugarri garrantzitsua da, aldebakarrekotasunak esan nahi duelako hartzen den erabakia printzipioetan, uste osoetan eta eskubideetan oinarritzen dela. Prozesuaren duintasunaren bermea da, ez delako inolako ordainik eskatzearen okerreko bidean erortzen, eta era berean, ez duelako aldarrikapen politikoetan inolako mugarik onartzen. Sinbolo bat da, perspektiba politiko berriaren marka, eta bidea irekitzen ari dena.

ETAren historia Euskal Herriaren ibilbide politikoaren pasarte bat da, non agerikoa den biolentzia eta sufrimendua egon direla, bakoitzak duena eman duela; akatsak egon dira, krudeltasuna, eskuzabaltasuna, zorigaitza eta sufrimendua. ETAk irudikatzen du euskal naziotasunaren aldarrikapenen tragedia dramatizatua, eta horregatik euskal gizarteari zor zaio, euskal herriari; eta ETAk euskal gizartearen gehiengoaren borondatea bere egiteko obligazioa dauka.

Gaur egun, Euskal Herriaren gehiengoak argi eta garbi eskatzen du borroka armatua bertan behera geratzea, duintasun demokratikoz egina, eta borroka armatuaren uzte hori bermeekin eta atzeraezintasunez izan dadila. Aldebakarrekotasunari men eginez, ETAk Gernikako Akordioa goraipatu beharrean, bere egin beharko luke Gernikako Akordioa, berau betetze eta bermatze aldera.

Euskal Herriak ezin ditu ahaztu eta ez lituzke ahaztu behar herri honen historian izan diren beste gertakari latzak eta horiek izan dituzten ondorio larriak, hala nola, 1936ko altxamendu faxista edo XIX. mendeko guda karlistak. Ez dago garaile eta garaiturik izango duen bakerik, liskar politikoak berpiztu egiten direlako momentu jakin batzuetan, eta inoiz baino arriskutsuagoak eta pozoitzaileagoak bihurtzen dira.

Aldebakarrekotasunak esanahi berezia dauka: bakearen truke baldintza politikorik edo preziorik izan ez denaren froga bakarra da. Euren borondatez erakunde armatuko militante izateko erabakia hartu dutenek, horrek ekartzen dituen arrisku handiak eta ondorio latzak kontuan izanda, erabakiaren oinarrian arrazoi politikoak egon direla frogatzen duen argudiorik argiena aldebakarrekotasuna da. Eta hori, euren ekintzekin giza sufrimendu ikaragarria eragin duten arren.

Aldebakarrekotasuna da ETAren borroka arrazoi eta izaera politikoengatik hasi zenaren argudio nabarmena. ETA arrazoi politikoengatik sortu zen eta arrazoi politikoengatik bukatu behar da, eta horren froga bakarra aldebakarrekotasunak izan behar du. ETAren armak uzteko erabakia ez balitz aldebakarretik hartutako erabakia izango, alegia, armak uzteagatik saririk edo baldintza politikorik egonez gero, demokratikoki onartezina, politikoki kudeatu ezina eta elektoralki huts larria izango litzateke. Hain zuzen, benetako porrota armak uztearen ondorioz zerbait lortzetik helduko litzateke.

Munduko beste tokietan egin den moduan aldebakarrekotasuna oinarri eztabaidaezina da, biolentzia ororen biktima guztien errekonozimendua lortzeko, eta horri zentzu etikoa emateko, gizalegezkoa izateko. Baita ere, preso politiko guztien (kontzientziazkoak barne) amnistiaren inguruko akordioa lortzeko.

Aldebakarrekotasuna da gainera, Estatu espainoleko hauteskundeetan Alderdi Popularrak lortuko duen garaipenaren aurrean egon daitekeen ezkuturik nabarmenena, duinena eta eraginkorrena. Formak aldatuko dira, baina euskal gatazkaren aurrean, berau gainditzeko dagoen jarrerak, funtsean, bere horretan jarraituko du.

Finean, aldebakarrekotasuna da, arrazoi demokratikoa, arrazoi soziala eta argudio etikoa zein gizalegezkoa, indarkeria ororen biktimei hurrengoa eskatzeko: gizarteari barkatu diezaiotela eta euren errekonozimenduan oinarritutako bakea eman diezaiotela.

Estatuak ere aldebakartasunetik jardun behar du. Aldebakartasuna printzipio demokratikoetan oinarrituta. Gernikako Akordioak Estatuari eskubideetan oinarritutako eskariak egiten dizkio; ez ordainetan egiten diren eskariak. Askatasun politikoen aldarrikapena, espetxe politikan aldaketak, eta amnistia, horiek guztiak, justiziaren izenean eta giza eskubideen izenean egiten diren aldarrikapenak dira, ez beste ezeren ordainetan.

Tamalez, azkenaldian zenbait arduradun politikoren adierazpenak kezkaz entzun eta irakurri izan ditugu, bakea Madrilen egiten denaren edo egiten ez denaren arabera lortuko dela adierazi baitute. Esan dute bakerik ez dela egongo, Madrilgo gobernuak espetxe politika aldatzen ez badu edo ETArekin gai jakin batzuk negoziatzen ez baditu -ETAk emandako urratsen arabera-. Horrelako adierazpenak aldebakarrekotasun printzipioaren aurka doaz, eta, beraz, Gernikako Akordioaren aurka doaz. Okerreko adierazpenak izateaz gain, kaltegarriak dira. Ez litzaioke Madrili ez eman, ez oparitu behar giltza.

Ez da zentzudun demokratarik egongo, bakea zerbaiten ordainen arabera eman beharko litekeela defendatuko duenik. Dagoeneko, politikari zentzudun orok defendatuko du atzoko Bilduren legalizazioa edo biharko Sorturena ordainik gabe lortu dela. Horiek guztiak eskubide politikoen errekonozimenduan oinarritutako aldarrikapenak dira, giza eskubideetan oinarritzen direnak.

Anoeta eta Loiola zaharkiturik geratu den iraganaren eredu dira -ez toponimoak, noski-. Bakearen atzeraezintasun etikoak behar du bortizkeria atzean geratuko denaren duintasuna. Bortizkeriaren bukaeraren duintasuna aldebakarrekotasunaren printzipio demokratikoan bakarrik oinarrituta bermatuko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo