GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari ernegatua

Porno izarrak Txalupan

Ramon Enrique Perez surflari galiziar bat da. Longboard-eko txapelketa askotan hartu du parte eta emaitza onak lortu izan ditu. Bere lanbideak mundu guztian zehar bidaiatu eta zoko guztietako olatuak dastatzeko aukera eskaintzen dio. Lanbidez, aktore pornoa da.

Surflari gisa, Ramon Nomar da bere izena. Larru jotzaile profesional gisa, berriz, Moncho Borrazas da bere izen artistikoa. 2005ean, errege egunean surf egiten ari zela, kalapitaren bat izan zuen urautsian. Antza, norbaitek olatua izorratu omen zion eta, ordainetan, Borrazas jaunak muturreko pare bat eman zizkion beste surflariari. Lepoan hozka egin ziola esan zuenik ere izan zen. Liskar hura ez zen han amaitu, ordea: epaitegietarako bidea hartu zuen eta komunikabideetan ere hitzetik hortzera ibili zen aktorearen izena.

Halakoak soilik Espainian gertatzen zirela uste nuen. Ez naiz mutur joka ibiltzeaz ari, surflari eta aktore porno izateaz baizik. Harrigarria iruditzen zait bi eremu horien ezkontza, izan ere, hainbeste ordu uretan egiten ditugunoi badakizue zer gertatzen zaigun txori txikiarekin. Nesken kasuan ez dakit, baina mutiloi erabat kizkurtzen zaigu zintzilikailua.

Oraindik eta harrigarriagoa izan da niretzat, ordea, Zarautzen ere porno izar surflari bat badela jakitea, eta euskaldun peto-petoa gainera. Arraunlari gisa urteetan ipurdia hautsi ostean, Bartzelonako klub batean egin omen zuen casting-a estreinakoz eta sekulako arrakasta izan omen zuen. Tipoak guztiz itxura nordikoa du: ilehoria, azal zuri-zuria eta begi urdinak. Baina, antza, odol bero-beroa du; odol latinoa bor-bor. Bere izen artistikoa skinhead beltzaran batek jarri omen zion: «Erik Banderas».

Zarautzen urautsian topa dezakezue surf egiten, eta, bestela, Orioko hondartzan dagoen Txalupa tabernan: bertan egiten du bere show-a. Benetan ikusgarria da. Bertaratu zaitezte: ahaztuko ez duzuen ikuskizuna da, hasperenak ere euskaraz egiten ditu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo