harri-zulatzea Euskal Herriko Liga
Burdin Gazteak taldeak txapela Ortuellara eramateko sekulako urratsa eman du
J.L.
Ortuellako Burdin Gazteak taldeak sekulako urratsa eman du, eta Euskal Herriko Liga irabazteko aukera asko izango ditu. Jardunaldi bat besterik ez da geratzen txapelketa amaitzeko, eta txapela eskuekin ukitzen ari dira Ortuellakoak.
Ezustea izan zen Bilboko azkenaurreko saioan. Ortuellakoak eta Kabiezes berdinduta heldu ziren jardunaldi honetara. Beraz, bietan aurre hartzen zuenak abantaila izango zuen azkeneko jardunaldira begira, baina inork gutxik uste zuen bi talde horien artean hirugarren bat sartuko zenik. Gainera, bi faboritoen artean sekulako aldeak egon ziren, eta hori ere jardunaldi baten faltan oso deigarria izan zen, bien artean dauden aldeak ez baitira horrelakoak.
Horixe geratu zen Bizkaiko hiriburuan. Burdin Gazteak izan zen garaile, eta Kabizesek hirugarren amaitu zuen, tartean Aldai Alde sartu baitzen. Ortuellakoek 20 zulo eta 6 zentimetro zulatu zituzten. Bigarrenek, aldiz, 18 zulo eta 3,1 zentimetro. Hirugarren postuan Kabiezes sailkatu zen 16 zulo eta 6,5 zentimetrorekin. Errekatxo sailkatu zen laugarren 16 zulo eta 5 zentimetrorekin; bosgarren, Las Karreras 13 zulo eta 3 zentimetrorekin, eta, azkena, berriz, KZ Kolpeka izan zen 5 zulo eta 2 zentimetro zulatuta.
Sailkapen nagusian, Burdin Gazteak doa lehenengo 37 punturekin eta bigarren Kabiezes da bi puntura. Bien artean erabakiko da dena azken jardunaldian, eta hori Trapagaranen jokatuko da irailaren 3an. Hantxe ezagutuko da txapeldun berria, baina Burdin Gazteak da faborito.