GARA > Idatzia > Kultura

EH Jaietan | Bilboko Aste Nagusia

Suaren bila besoak zabalik, datorren urtera arte agur esan du Marijaiak Ibaizabalen

Julen Gabiriaren letrak dioenez, «Ibaizabalen behera suaren bila besoak zabalik» joan zen dantzan Marijaia eta ibaian buruturiko ekitaldi koloretsuan jai aste luzeari agur esan zion Aste Nagusiko ikonoak. Goizean, jaietako beste pertsonaia kutunek Areatza hartu zuten. Erraldoiek eta buruhandiek txikiak zein helduak bereganatu zituzten.

p050_f01_046x084.jpg

p050_f03_152x100.jpg

p050_f06_047x073.jpg

p050_f09_148x277.jpg

GARA | BILBO

«Errautsetatik sortzen da bizitza zuk be laster dakarzu festa» dio ``Agur Marijaia!'' abestiak eta hori da Aste Nagusiko erregina sutan joatea ikusi zutenek espero dutena.

Mesedeetako zubian ekin zion bart aurtengo bere azken ibilbideari Marijaiak. Zuriz jantzitako arraunlariek eraman zuten, eta, jai gunera iristerakoan, txosnak ilunetan geratu ziren eta argi bakarra jaietako sinboloak zeukana zen.

Areatzeko zubia zeharkatu ondoren, uretan jarritako su artifizialak piztu zituzten eta su bide antzeko bat zabaldu zen ibaiaren bi aldeetan. Metro batzuk aurrerago, pregoilariak, Kirmen Uribek, azken bertsoa bota zion Marijaiari eta txupinerak, Patricia Lezamak, jaietako sinboloa erre zuen «txupinari» ekin zion. ``Agur Marijaia!'' abestia atze-oihal gisa zuela, Aste Nagusiko ikonoa, traineruak bultzatuta, uretan desagertu zen.

Erraldoiak, Areatzean

Aurtengo azken bidaiari ekin aurretik, jaietako beste ikono batzuekin egin zuen topo Marijaiak. Euskal Herriko leku ezberdinetatik etorritako 42 erraldoi batu ziren Areatzean eta Marijaiak agurtu zituen.

Deustua, Bermeo, Getxo, Donostia, Iruñea eta Kanbo jaioterri duten erraldoiek erdigunea hartu zuten, euren lagun diren buruhandiekin batera.

Milaka lagun batu ziren erraldoien inguruan eta argazki makinak etenik gabe lanean izan zituzten. Buruhandien aurretik lasterketak, ezustean harrapatutako despistatuak eta beldurtuta ziren haurrak han eta hemen ikusten ziren Bidebarrieta kaletik atera ziren erraldoien esperoan zirenen artean.

Metro batzuetara, buztan-gisatuaren lehiaketa. Lepo zegoen atzo ere lehiaketa gastronomikoaren ingurua epaimahaikideak lanean aritu zirenean. Basauriko Arriagako Sukaldariak izeneko taldeak bereganatu zuen saria eta Athletic Beti Ona Peñak, Aste Nagusiko sailkapena.

Ibaiaren beste aldean, txikien gunean, azken eguna ondo aprobetxatu zuten txikienek. Jolasen eta gaitasun proben artean, Marijaia agurtzeko aukera izan zuten umeek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo