GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

Jacques Demyren film guztien atzera begirakoa emango du Zinemaldiak

Donostiako Zinemaldiaren 59. edizioak Jacques Demy zuzendari frantsesaren atzera begirako osoa eskainiko du. Musikalaren generoaren berritzaileetako bat izan zenaren film guztiak eskainiko dituzte bertan.

p039_f01_148x84.jpg

GARA | DONOSTIA

Donostiako Zinemaldiaren 59. edizioak atzera begirako oso bat eskainiko dio Jacques Demy zinemagile frantsesaren lanari. Demy (Pontchâteau, 1931-Paris, 1990) Estatu frantseseko zinemaren barruan ospe handiko izena izan da, baita musikalaren generoaren berritzaile handienetako bat ere. Zinemaldiak atzo aditzera eman zuenez, hasieran nouvelle vague mugimenduko zuzendari gazteekin loturik egon zen; edonola ere, Demyren lana «oso berezia eta sailkaezina» zenez, «bide propio eta erabat berezia egin zuen». «Zinema abestua» egin zuen, bere zuzendaritza artistiko dotoreari jarraiki eta unean uneko zinemagintzako modak zein joerak alde batera utzita.

Eskainiko dituzten pelikulen artean «Lola» (1961) topa daiteke. Bere lan bikainenetako bat ez ezik, nouvelle vagueko filmik entzutetsuenetako ere bilakatu zen. Bertan maitasun-istorio malenkoniatsuetan harrapatutako pertsonaiak eta Nantes hiri maitea agertoki moduan ikus daiteke, Demyren karreran hainbestetan errepikatu ziren ezaugarriak.

Hala ere, hirugarren filmak eman zion mundu zabalean entzutea eta ospea, eta hala ezagutarazi zuen zinemaren inguruan zer-nolako ikuspegi berezia zeukan: «Les parapluies de Cherbourg» (1964) filmari esker, Canneseko zinema-jaialdian Urrezko Palmorria irabazi zuen eta atzerriko film onenaren Oscar saria lortzeko proposatu zuten. Catherine Deneuve ederraren kolaborazio ordainezinarekin eta Michel Legrand musikariak konposatutako doinu paregabeekin, Demyk erabateko musikala filmatu zuen: maitasun-istorio polit honetan elkarrizketa guztiak abestuta daude.

Musikalaren generoan «Les parapluies de Cherbourg» lanarekin iraultza eragin ostean, Hollywoodeko musikal klasikoei omenaldia egin zien Demyk, koloreak, abestiak eta dantzak Rochefort hirira eramanda. Catherine Deneuve eta Françoise Dorléac ageri dira (ahizpak fikzioan eta bizitza errealean); Gene Kelly eta George Chakiris gonbidatutako izarrak dira, eta Michel Legranden musika sekula baino alaiagoa eta argitsuagoa da.

Gonbidatu ezin hobeak

Atzera begirakoan Demyren film luze guztiak daude bilduta, baita labur batzuk ere. Horrez gain, bere emazte Agnes Vardak zuzendutako hiru dokumentalek osatuko dute zikloa («Jacquot de Nantes», 1991, Demyren haurtzaroari buruzkoa; «Les demoiselles ont eu 25 ans», 1993, «Les demoiselles de Rochefort» filmatu eta 25 urtera film hartan lan egin zutenen oroitzapenak eta lekukotasunak biltzen dituena; eta «L'Univers de Jacques Demy», 1995, bere obran barrena egindako ibilbide didaktikoa), guztia ere zuzendari frantziarra eta bere filmografia hobeto ezagutarazteko.

Atzera begirako hau aurkezten Agnes Varda zuzendaria, haren seme Mathieu Demy aktore eta zuzendaria, eta Rosalie Varda, Demyren filmetako batean jantziak diseinatu zituena izango dira Donostian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo