ANTZOKI PROIEKTUA
Udal Gobernuak Gasteiz Antzokia geldiarazteko duen asmoa salatu du Bilduk
Gasteizko Bilduk «Udal Gobernuak Gasteiz Antzokia geldiarazteko daukan asmoa» salatu nahi izan zuen atzo, prentsa ohar baten bitartez. Koalizioaren iritziz, «proiektu hau, udalbatzak onartu zuena, estrategikoa da udalerrian euskaltzale guztiontzako bizitza eta bizikidetza eremuak sortzeko, bai euskararen alde lan egiten duten taldeei dagokienez, bai norbanakoentzat». Gasteiz Antzokia aukera ezin hobea da Arabako hiriburuan euskal kultura sustatuko duen aisialdi gune bat sortzeko, erreferentziazko topagune bat edukitzeko. «Gainera -jarraitzen du Bilduk-, Udalaren beraren eta talde euskaltzaleen artean partekatutako kudeaketa eredu interesgarria eskainiko luke».
Hortaz, Gasteizko Bilduk «Batzordean egindako galdera baten bidez azalpenak eskatuko dizkio Herritarrentzako Zerbitzuetako Alfredo Iturricha zinegotziari, jakiteko zergatik PPren Gobernuak baztertu nahi duen euskararen normalizaziorako hain garrantzitsua den proiektu hori». Bilduk gaineratzen duenez, eta gaiaren garrantzia kontuan hartuta, argudio bakarra ezin da izan Gasteiz Antzokia EAren eta PSEren arteko akordio baten ondorio izan zela.