UDATE
Iparragirre omenduko dute igandean, Urretxun eta Zumarragan
GARA | URRETXU-ZUMARRAGA
Datorren igandean Urretxun eta Zumarragan festa giroa izango da nagusi. Izan ere, Jose Mari Iparragirre kantaria hil zela 130 urteren ondoren, bere bizitza eta obra gogoratu eta zabaltzeko asmorekin, Zu Kantari kantu taldeak «Iparragirre Kantuz» eguna antolatu du.
Omenaldia goizeko hamaiketan hasiko da, eta Udalbideko kideak, Bixente Arozenak, azaldu zuenaren arabera, 500 lagun inguru bilduko dira, kanpotik etorritakoak kontuan hartu gabe.
Egunean zehar hainbat ekitaldi izango dira. 11.00etan, ongietorria egingo diete kantu talde guztiei. 12.00etan hasita, kantujira egingo dute Urretxuko eta Zumarragako kaleetan. 13.00etan, omenaldia egingo diote Iparragirreri, eta dantza, erraldoien agerpena edota kantu saioa izango dira, Iparragirre plazan. 13.30ean bertso saioa izango da Iparragirreren jaiotetxean, baita kantu saioa ere.
Goiza amaitzeko, 14.00etan, herri bazkaria egingo dute Zumarragako plazan eta bazkalostean kantu saioa. Izena emateko epea gaur amaituko da, eta 669 54 63 57 telefonora deitu behar da edo posta@kantuzale.net edo zukantari@gmail.com helbidera idatzi.
Eguna 18.30-19.00 inguruan amaituko da, azken kantuarekin.