GARA > Idatzia > Euskal Herria

Estatu frantseseko euskal etxeek beren esperientziak mahairatu dituzte alduden

Pariseko, Bordeleko eta Paueko euskal etxeen topalekua izan da Aldude pasa den asteburuan. Lau urtean behin egiten dituzte halako topaketak, eta egindako lanaz eta aurrera begira egiteko dutenaz mintzatzeko aukera izan dute.

p013_f01.jpg

Leticia MELON

Alduden izandako topaketetan, frantses Estatuan euskal kulturaren sustatzaile diren zentroen arduradunak elkartu ziren pasa den larunbatean. Lau urtean behin, Lakuako Gobernuaren itzalpean egiten den diasporaren bilera alde batera utzita, ez da atzerrian dauden euskal herritarren halako beste bilkurarik egiten Europan. Ameriketako Estatu Batuetan bai, ordea, eta esate baterako, NABO izeneko jaialdian, 5.000 pertsona baino gehiago elkartu dira aurten, Buffalo hirian, euskararen eta euskal ohituren inguruan antolatzen den jaialdian.

Mundu zabalean badira 180 euskal etxe, Hegoamerikan, Ameriketako Estatu Batuetan (AEBak), Kanadan, Asian, Europan. Horien artean daude Pau, Paris eta Bordeleko euskal etxeak, Estatu frantsesean kokatuak.

Aldudeko bilkura berezian mahai gainean jarri duten gai nagusia «Zortzigarren probintzia» esanez ere izendatu ohi dugun diaspora izan da. Peio Oteiza ekoizleak gonbidaturik, Alduden bildu ziren Hexagonoan euskal kultura eta nortasuna ezagutarazteko jarduten duten euskal etxeen ordezkariak. Mahai-inguru berezi horren xede nagusia, batak besteak egiten duen lanaren berri izatea, eta harremanak sendotzea eta ekimen eta esperientziak trukatzea, etorkizunari begira.

Bordeleko euskal etxea aspalditik dabil euskal ohiturak zaintzen eta hedatzen, zehazki 1947an sortu zen-eta. David Mugika ordezkariak azaldu duenez, hasieran «asmoa zen Bordelera lan egitera joan ziren euskaldunak elkartzea. Emeki-emeki helburuak mamituz joan dira, eta gaur egun Euskal Etxea euskal kulturaren erakusleiho bat dela erraten dugu, Bordelen euskal kultura tradizionala erakusteko baliatzen baitugu, baina aldi berean, artista berrien lanak ere erakusten baititugu».

Euskal etxeen arteko harremanak

Halako bilerak ez dira oso ohikoak Europan, Eusko Jaurlaritzak lau urtean behin bakarra egiten du, eta ez du oro har behar den besteko laguntza ematen. Beharbada, horregatik, parte-hartzaileak oso pozik geratu dira Alduden eginiko bilkuraren emaitzarekin. «Topaketa arrakastatsu honen ostean urtero zerbait antolatzeko aukera aztertzen ari gara», azaldu du Sebastien Daguerrek.

Ameriketako Estatu Batuetan urtero NABO jaialdia antolatzen dute euskal etxeetako kideen artean, uztailean. John Ysursa AEBetako euskal etxeen ordezkariak honela azaltzen du topaketa horren antolamendua: «Urtero aldatzen dugu tokiz; iaz Boisen (Idaho) izan zen, aurten Buffalon (Wyoming) izan da, eta datorren urtean Elkon (Nevada) izango da. Jaialdi bakoitza antolatzeko lana bertako euskal etxeak hartzen du, eta gehien-gehienaz beraiek arduratzen dira».

Baina ez dira AEBetako euskaldunak halako topaketak egiten dituzten bakarrak, horien auzokoek ere, Kanadakoek, Euskal Jaia, Basque Festival antolatu dute-eta, hurrengo irailerako: «AEBetatik kanpoko lehenbiziko NABO jaialdia» leloarekin, jendeari parte hartzera dei egin diote.

Aldudeko bileran, Parisko etxeko arduradunarekin, 30 bat lagun joan ziren. Paris, Bordele eta Paueko euskal etxeen bidetik, Montpellierreko Euskaldunak eta Okzitaniako Tolosa Eguzki Loreak dantza taldeak euskal herritarren erreferentzia bilakatu dira.

Bazkideen ezaugarriak

Urteen poderioz, euskal etxeetako kideen ezaugarriak aldatuz joan dira. Estatu frantseseko euskal etxeetan, esaterako, 1950-1960ko hamarkadetan, xiberutarrak eta Frankismotik ihesean joandako Hegoaldeko euskaldunak ziren gehienbat. Egun, 1.500 bazkide duen Paueko euskal etxean xiberutarren presentzia handia da, baina Parisen nafarrak eta lapurtarrak dira jaun eta jabe.

Euskal kulturaren erakusleiho ez ezik, sustapen ekonomikoari loturiko jarduerak garatu dituzte euskal etxeek, eta era askotako ekimenak bideratzen dituzte, belaunaldi berriak ere erakarri behar dituztela ohartuta.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo