Amets TXURRUKA Euskaltel taldeko txirrindularia
«Estudiante tunante!»
Salamanca, abuztuaren azken egunak. Ikasleen hirian, gehienak oporretan daude baina guk lanean jarraitu beharra dugu... Vueltaren ekuatorea harrapatu dugu, hiru asteko lehia honen erdia betetzen dugu, hala ere lan erdiak eginda gaudenik ez nuke esango. Egun erdiak pasa badira ere, gogorrena atseden egun honen ondoren datorkiguna delakoan nago.
Edonola ere, eskolan bezala, lehenengo partzial honen ondoren kontrol txiki bat izan dugu orain artekoaren ebaluatzeko. Ezin esan nota onarekin pasatu dugunik, orain arte ere «pendiente» izan dugun ikasgaia da erlojupekoa eta gaurkoan saiatu garen arren, denbora dexente galduta atera gara guretzako hain zaila den modalitate honetatik.
Jakitun ginen, etxeko lanak ongi eginagatik ere, lehen partzial hau ez zela guretzako onena eta espero genuen bezain ongi joan ez bazaigu ere, bigarren partzialean errekuperatzeko esperantzan gaude.
Azken ebaluaketa, irailaren 11n Madrilgo Castellana pasealekuaren ondoren egin behar denez, ordurako kalifikazio egoki bat lortzeko lanean jarraituko dugu!