GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Bilduma osatzen

Ate joka datorkigu iraila eta harekin, maila handian behintzat, negu kutsua. Urtaroa aldatzeko gaude, baina gu geu gara errutinak tarteko udazkena ere negutzen dugunak. Kiroldegietako harrera mahaiak betetzen ari dira, baita haur eta gaztetxoei ikastaro eta eskolaz kanpoko eskolak ematen dizkieten guneak ere; haiek bete eta uda guztian gureganatu ditugun beste hainbat bazter hustu. Aldaketak sumatzen hasiak gara, iragarkiei erreparatu baino ez dago.

Eskolako liburu eta motxilak han eta hemen; eta liburu-denda eta kioskoetan haiekin batera teknologiak aurrera eginda ere etsitzen ez duten produktuak: bildumak, kolore, gustu eta nahi guztiei erantzuten dietenak. Hasi arruntenak diruditenetatik eta xelebretik ezer baino gehiago dutenetara.

Telebistan ikusitako bilduma batek deitu dit atentzioa niri. Ikasturtea hastearekin batera iragarri dute lehen zenbakia. Garaiko auto bat eraikitzea lortuko du pazientziarekin astetik asterako piezatxoak erosten dituenak. Lehen alean, kapota. Nago ondorengoetan ez dela halako pieza handirik izango, erosleari autoaren erdia ia eraikia duela sinetsarazi nahi diotelako. Iragarkian ez dute aipatzen zenbat astean lortuko duen hura bukatzea, agian, bilduma bera egiten hasteko gogoa kenduko diolako. Ez naiz horrelako bildumak osatzen dituen horietakoa; astetik asterako piezatxoen zain egoteko adina pazientziarik ez dut sekula izan, eta gainera, haurra nintzela kromo zatar batzuk biltzeak zer-nolako buruhausteak eragiten zizkidan ondo gogoan daukat.

Kontuak kontu, bestelako bildumaz pentsarazi didate, uda amaitu eta datorrena agurtzen dugunerako begi-bihotzetan gordeta izatea gustatuko litzaizkidakeen irudi eta sentsazioez. Haietako asko lotzeko kioskora ez, baina etxetik atera eta kalera joan behar da. Bilduma hori osatzeko ere pazientzia izan behar da, patxada, eta lortutako piezatxo txiki bakoitza aurretik eskuratutakoei josten eta lotzen ondo jakin. Aldea da bilduma hau egiten bildumagile asko ari direla aldi berean esku emanda; eta amaitutakoan ez dela egongelako apalean jarriko hautsa har dezan; hura jarri beharrik ez da izango, ikusi gabe usaindu, sentitu eta atzemango baita lortutakoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo