GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Ibarguren Idazlea

Memoriaren zulo beltzak

Zauria sendatzeko beharrezkoa da ez ahaztea, gogoratzea, norberaren zein bestearen memoria berreskuratzea. Milaka eta milaka aurpegiz egina den puzzlea osatzeko. Iraganean gelditu ordez, biharkora begiratzeko

Zerbait baldin bagara gogoratzen dugulako da. Memoriarik ez duen herriak ez ei du iraganik, etorkizunik. Zentzu horretan, jendartea kohesionatzeko baliagarria litzateke memoria bere osotasunean berreskuratzea; baina, bistan denez, memoriak baditu gogoratu nahi ez ditugun gertaerak irensten dituzten zulo beltzak. Eusko Jaurlaritzako bozeramailearenak dituen bezala. Gipuzkoako ahaldun nagusiak egindako adierazpenei erantzunez esan du ETAk nahiz beste edonork eragindako biktimek -oso ondo atera zaio- errespetu bera merezi dutela. Eta horregatik daude, diot nik, memoriaren zulo beltzean, Martxoaren 3an Zaramaga auzoan erail zituzten bost langileak, esaterako. Jaurlaritzarentzat haiek ez dira biktimak, beste zerbait dira. German Rodriguez, Mikel Zabalza eta beste asko legez.

Duela gutxi, Maite Pagazaurtunduak katarsia beharrezkoa dela esan du, baina Bildu instituzioetan egotea larria dela gaineratu. Are, ez du Memoriaren Egoitza izan litekeen espaziorik nahi, oraindik ez delako baldintza politiko, etiko eta moral nahikorik betetzen. Alegia, galtzaile eta irabazleen arteko argazkirik ez baitago oraingoz. Irabazle sentitzeko galtzaileak behar baitituzte. Tamara Muruetagoienak (torturen ostean hil zen Estebanen alaba), aldiz, zera dio: «Ez dut nahi nire aitari egin ziotenagatik min gehiago sortzerik». Indarkeriazko zurrunbilo honen biktima sentitzen da; hitz hori -biktima- gorrotatzen badu ere.

Saminak kolorerik ez duen arren, batzuek ez dute konponbiderik nahi, gauzak bere onetik atereaz nagusitasun moral eta politikotik mintzo dira, garaipenaren tontorretik, betiko irmotasun demokratikotik. Horregatik daude mediatikoki nahiz instituzionalki babestutako biktimak; horregatik ohoratzen eta gogoratzen dira haien izen-abizenak eta debekatzen besteenak. Errespetu beragatik, noski.

Beste aldean, ordea, ahaztura dago, kare biziak estalitako memoria, zauriak bakardadean garbitzen dituztenak daude. Haiek historiaren galtzaileak dira, zulo beltzean gelditu direnak; izan ere, letra larrizko Historia irabazleek idazten dute www.patxilopez.com bezalako blogetatik.

Harira etorriz, esan genezake memoriak ere egiten gaituela, hizkuntzak, kulturak edo nazio kontzientziak egiten gaituen bezala. Memoria horrekin batera hazten gara, eta beraz, memoria duen herriak historia bat duela esan ohi da, baina historiarik gabe nekez izan genezake memoriarik. M. Lasaren poema hartan bezala, «deshistoriaren erreinuan» errari ibiltzera kondenatuak geundeke euskaldunak.

Ez diren gomuten oinordeko zuzenak garenez, memoria gugan dago, guk biziarazten dugu. Sufrimendua izen-abizenen jabe da oraindaino, saminak gori daude barren hustuetan eta etxe askotan jendea falta da, baina Ruper Ordorikak kantatzen duen bezala, elorria barruan deino ezin senda daiteke zauria. Eta zauria sendatzeko beharrezkoa da ez ahaztea, gogoratzea, norberaren zein bestearen memoria berreskuratzea. Milaka eta milaka aurpegiz egina den puzzlea osatzeko. Iraganean gelditu ordez, biharkora begiratzeko.

Horregatik da garrantzitsua memoria: ez biktimarena egiteko, biktimari duintasuna ekartzeko baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo