Donostiako Udalak diru laguntza sozialak onartuko ditu ostiralean
Aimar ETXEBERRIA
Krisia gogor astintzen ari den garaiotan, gizarte ekintzaren arloko diru laguntzek bere horretan jarraitzea onartuko dute ostiralean Donostiako Udalean. Jon Albizu zinegotziak estrategikotzat jo du gizarte zerbitzuen gaia, eta arlo horretan, behintzat, murrizketarik ez dutela egingo iragarri zuen atzoko prentsaurrekoan.
Hain zuzen ere, 350.000 euro inguruko inbertsioa egingo dute gizarte zerbitzuen alorrean. Diru hori 97 elkarteren artean banatuko dute, eta guztira 139 proiektu finantzatuko dituzte horrela. Datu adierazgarria da, iazko zifra berdina inbertitu arren, honakoan, proiektu gehiago finantzatuko baitituzte.
Albizuk azaldutakoaren arabera, diru laguntza horien helburu nagusia elkarteen eguneroko funtzionamendua finantzatzea da. Elkarteek euren sentsibilizazio eta informazio lanetarako behar dituzten materialak eta jarduerak babesten egingo du ahaleginik handiena Udalak.
Bi multzotan sailkatu dituzte diru laguntzak. Multzo batean, jaso ahal duten diru kopuru maximoa 5.000 eurokoa da; bestean, aldiz, 15.000 eurokoa. Jardueraren arabera egiten dute bereizketa hori. Elkarte batzuek Udalak garrantzitsutzat jotzen duten lana egiten dute, Udalak berak zuzenean esku hartzerik ez duen gaietan; besteak, aldiz, Udalaren eskumenekoak diren arloetan ari diren elkarteak dira.
Sei elkarte daude gehieneko diru laguntza hori jaso dezaketenen multzoan: Gipuzkoako Gurutze Gorria, Elkartu, Erroak, Izan, Mugabe eta Zorroaga elkarteak. Gainerako programek gehienez ere 5.000 euroko laguntza jaso ahal izango dute. Gizarte ekintzako laguntza hauetan murrizketarik ez izan arren, urteko aurrekontuak onartzeko txandan eztabaida handiak izango direla uste du Albizuk. Ostiralean onartuko ditu laguntzak Donostiako Gobernu Batzarrak.