GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Iker Elizalde Hendaiako hautetsia

Senatorialak

Estatua mugiarazi nahi badugu, abertzale eta ezkertiar guziek urratsak egin beharko ditugu aho batez gure herriaren eskubideak defendatzen eta gizarteari proiektu komun bat aurkezteko

Egia esan behar baldin badut, hauteskunde hauek ez dute niregan interes handirik sortu, eta hori bi arrazoi nagusirengatik. Batetik, ez baitut nire baitan onartzen herritarren artean egiten den bereizketa, handi eta ttipien arteko bereizketa, finean jauntto batzuen jokoan sartzea. Bestetik, beste behin mugimendu abertzalea sakabanaturik aurkezten zelako bi hautagaitza eskainiz: alde batetik, abertzale zenbaitzuek Europe Écologie-rekin egin duten hautua; bestetik, Gabi Mouesca eta Thérèse Halsouet, heien burua ezkertiar eta abertzale aurkezten zutelarik.

Anartean eta berrikitan, jakin dugu Estatu frantsesak ez ziola Gabiri aurkezten uzten eta bere eskubide zibil eta politikoak soilik 2032. urtean berreskuratuko dituela. Berri hori entzun dudalarik, burura etorri zaidan lehen hitza mendekua izan da. Pixkan-pixkan, buruari itzuli batzuk eginez, mendekua baino haratago joaten den jarrera bat dela, Estatu frantsesarena, ondorioztatu dut. Nola ulertu bestela?

Uda honetan eta lurralde antolaketaren erreformaren eztabaida dela-eta, dirudi Estatu frantsesaren jarrera ohiko ukaziotik doala Euskal Herriari dagokionez. Ipar Euskal Herri berean, zenbait hautetsi sozialistek heien aldeko boza eman dute Ipar Euskal Herria eta gure lurraldetasuna zalantzan jartzen duen proiektuaren alde. Ber momentuan zenbait abertzalek eta ekologistek osatzen duten zerrenda akordio batetarat iritsi da gure herria ukatzen duten jakobinista horiekin. Zinez, ez dut ulertzen.

Garai berriak bizi ditugu gure herrian, prozesu demokratikoa abian den garaia, gure eskubide guziak berreskuratzeko garaia. Horren aitzinean, Estatuak ofentsiba orokor bat darama eta hor kokatzen dut Gabiri ezartzen zaion eskubide murrizketa. Garai berri honen aitzinean, beste behin frogatutzat gelditzen da Estatuak duen borondate eskasa Euskal Herriak harekin duen gatazka politikoa konpontzeko. Hartara, ezin dugu isilik egon eta euskal herritar guzien eskubide guziak onartzea exijitu behar dugu. Nola eraiki herri aske bat herritarrak aske ez badira?

Estatua mugiarazi nahi badugu, abertzale eta ezkertiar guziek urratsak egin beharko ditugu aho batez gure herriaren eskubideak defendatzen eta gizarteari proiektu komun bat aurkezteko.

Hasieratik aski argi nuen zein izanen zen nire hautua hauteskunde hauei begira; Gabiri ezarritako debekuaren ondotik oraindik argiago dut. Irailaren 25ean eskubide zibil eta politikoen aldeko boza izanen da nirea, Euskal Herriak bizi duen gatazkaren konponbidearen aldekoa, eta gainontzeko hautetsi abertzale eta ezkertiarrak zentzu berdinean boza ematera animatzen ditut.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo