Euskal Herria eta txirrindularitza garaile
Espainiako Vueltako txirrindulariek Euskal Herrira sartu ziren unetik, ikurrinak eta euskal presoen eta independentziaren aldeko aldarriak nagusi izan ziren, txirrindularienganako animoarekin batera. Lakuako Gobernuaren arabera, Espainiako Vuelta Euskal Herritik igarotzea normaltasun erakusgarri da; esan beharra dago, ordea, «normaltasun» horrek ez zuela tarte handirik izan. Hala ere, egun biok normaltasunerako aukera bat izan litezke Euskal Herritik kanpo lurralde hau ez dela Espainia normaltasunez ikus dezaten. Horregatik, arrazoi dute horrelako ikuskizun bat Euskal Herria munduko hainbat herrialdetan ezagutarazteko aukera dela; izan ere, atzo eta gaur euskal zaleek Euskal Herria den bezala erakusten ari dira: txirrindularitza eta oro har kirola maite duen herria, kirolariak, edonongoak direla ere, beso-zabalik hartzen dituena, baina bere buruaren jabe izan nahi duena. Badira kirola eta politika ez direla nahastu behar esaten dutenak. Ez da hau eztabaida horretan sartzeko unea, ez gunea; nolanahi ere, kausa politiko jakinek ekarri duten lasterketa hori bere asmo politikoa dela-eta ongi etorria ez bada ere, ongi etorriak dira hartan parte hartzen duten kirolariak. Atzokoa kirol eta aldarrikapen egun polita izan zen, euskal txirrindulari baten garaipenak borobildua. Espainian Euskal Herria den bezala «normaltasunez» ikus dezaten aukera polita.