Xabier Izaga Kazetaria
Hobe luke isilik
Poz handia ematen dit zu bezalako neskatila polit batek galdera hori egiteak». Hasi zenean, nik uste nuen erantzuna ondo prestatuta izateak eman ziola hainbesteko poza, baina ez, galdera neskatila polit batek egin izanak eman zion, nonbait. Neskatilak telebistako programa hartara deitu eta bakearen gaineko zerbait galdetu zion. Gaueko izarra Jose Antonio Ardanza zen, garai hartan Ajuria Eneko maizterra, eta galdera guztiak erantzuteko prest zegoen, neskatila politenak batez ere, antza, telebista kate espainol batek prestatu zuen programa berezi hartan. Programaren zergatia Ardanzak deitu eta Gasteizko Parlamentuaren atxikimendua zuen ETAren aurkako manifestazioa zen... ETAren eta Gobernu espainolaren arteko negoziazio prozesu betean. Manifestazioak «Bakea orain eta betirako» leloa zuen, eta haren motiboa ETAri «armak betirako utz ditzala» exijitzea zen, «Euskadin bakea errotu dadin». Manifestazio hura 1989ko urtarrilaren 8an ETAren su-etenarekin hasi eta hamabost egunen buruan Gobernuarekin adostutako tregoarekin jarraitu zuen negoziazio prozesuan Ardanzak egin zuen ekarpena izan zen.
Hamarren bat urte geroago, Lizarra-Garaziko Hitzarmena abian zela -eta itun hartatiko urruntasuna disimulatu gabe-, Ardanzak Lehendakaritza eta politika utzi zituen. Hainbat politikari ohik bezala, enpresa pribatura jo zuen; enpresako zuzendaritzara jo ere, hainbat politikarik bezala. Eta geroztik ez da politika mundura agertu izan.
Asteon, ordea, ezker abertzaleari erasotzeko agertu da, buruzagi abertzaleei «norbaitek» isiltzeko agindu diela esanez, nork isilarazi dituen ondo baino hobeto dakien arren. Horra Ardanzaren azken ekarpena.
Bere alderdiaren jito autonomistaren ondorioz lehendakari kargua hartu zuenak ez zien bere Gobernuko bazkideei kargu hartu GALen ekintzengatik. Ez dakigu ezker abertzaleak argi esan eta errepikatu zuena egunero esateak lasaituko ote lukeen Ardanza jauna, baina berak ez du behin ere Guardia Zibilaren bortizkeria eta larderia «orain eta betirako» bukatzeko eskatu, ez Lehendakaritzan zegoela ez hartatik kanpo.
Ez ote da Ardanzari isiltzeko aginduko dionik? Ez betiko, baina bai, gutxienez, orain, isiltzea komeni zaionean.