GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Hamaika oroitzapen, hamaika gezur

Egunero eragiten ditu Inperioak munduan dorre bizkietan baino hildako gehiago. Baina ez dakigu nor diren hildako horiek. Ez dute aurpegirik, ezta izenik ere

Irailaren 11 azpimarraturik agertzen da egutegi frankotan. Txilekoan, esaterako, egun horretan egin baitzuten, Ameriketako Estatu Batuen laguntzaz, kolpe militarra. Demokraziaren kontrako erasoen kartan, beraz, leku berezia dauka irailaren 11k. Bartzelonan eta Herrialde Katalanetan, berriz, irailaren 11 aberri eguna dute: Diada. Borboien tropen sarrera bortitza oroitzen dute, beren askatasunen kontrako erasoa aipatzen dutelarik. Nazioaren ikur bilakatu da oroitzapen egun hau, independentziari so egiten dion herrian.

Baina munduan nagusitzen diren mezuetan protagonismo handiena izanen duen hitzordua New Yorkekoa da. Izan ere, dorre bizkietan hildakoak lehen mailakoak dira, besteak ez bezala. Ez Allende ezta milaka hildako txiletarrak ere. Ezta Catalunyako segalariak ere. Horientzako ez dago lekurik ohorezko biktimen zerrendan. Horiekin ezin da trafikatu eta benetan balio duten hildakoen betebeharra inperioaren estrategiaren justifikazioan baliogarri izatea da.

Egunero eragiten ditu Inperioak munduan dorre bizkietan baino hildako gehiago. Baina ez dakigu nor diren hildako horiek. Ez dute aurpegirik, ezta izenik ere.

New Yorkeko erasoen erabilpen zitalak agerian utzi digu noraino iristen den biktimen industria zikina. Tragedia hura hamaika tragedia egin eta justifikatzeko baliatu dute, Inperioa bera biktima gisa aurkeztuz. Eta, jakina, biktimak bere burua defendatzeko eskubidea dauka! Biktimizazioak ahalbideratzen du borreroaren zilegitasuna. Erasotzailea biktima bilakatzen da eta inperioa indartzeko egiten dena biktimei egin beharreko omenaldi bihurtzen da.

Ameriketako Estatu Batuen jardueraz ari naiz, baina ez dugu hain urrutira jo behar joko zikin horren berri izateko. Biktima batzuen inguruko industria izan da, finean, espainiar estatu nazionalismoaren koartada nagusia.

Espainiar Estatuan Carrero Blanco terrorismoaren biktima da. Nork ez du jertsea gora jaurti «voló, voló Carrero voló» kantatzen zuen bitartean? Ba, kasu, hori, espainiar legediaren arabera, biktimekiko begirune eza baita, eta, areago, delitu gisa tipifikatuta dago. Diktaduraren kriminal hori heroi bat da espainiar Estatuan nagusitzen den mezuaren arabera, eta hegan jarri zutenak, herri kantaren heroiak, «terroristak». Propaganda ofizialak, jakina, ez ditu Carrero eta Meliton Manzanas biktima ikur gisa aurkezten. Beste batzuk erabiltzen dituzte. Baina biktimen zerrendan sartu nahi izan dituzte diktadurako zerbitzari guziak, hauek ere barne, ETAren jarduera, sortu zen unetik orain arte, berdintzeko. Betidanik «terroristak» izan direla eta direla esan ahal izateko.

Zitalkeria horrek, ordea, kontrakoa eragin du: ETAren «biktima» guziak jarri ditu Carrero edo Manzanasen pareko. Horrela, guzien erabilpen politikoa bermatu du, errelato bakarra idatziz, ETA gaiztoa eta biktima zintzoen kontakizuna, hots, zeinean Carrero eta Manzanas biktima zintzoak baitira. Komeni da hori oroitzea, jasan beharko dugun ekaitz propagandistikoaren aurrean. Eta, irailaren 11 gogoan, Viva Chile libre eta Visca els Paísos Catalans!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo