GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA I Literatur kritikaria

Literaturaren geroa (III)

 


Cultural studies» delakoaren ikerketa lerroa jende arruntak eguneroko bizitzan kontsumitzen duenari zuzenduta dago. Hots, kanonetik kanpo geratu denari erreparatzen dio gizartearen nondik norakoak zehaztu asmoz. Azken urteetan eta aipatu ikerketa lerroaren eskutik, bigarren mailakotzat jo izan den literatura azterketa interesgarri askoren abiapuntu izan da. Alabaina, azterketa horiek ez dute behar bezalako oihartzuna izan, hain zuzen ere «kanonaren» erregimena oraindik ere indartsua delako akademia barruan zein kanpoan. Zeren guk geuk barneratuta baitaukagu literatura mota on bat dagoen ustea, eta gainerakoa alferrekoa dela. Baina hain alferrekoa ote da «beste» literatura hori?
Lerrook idazten ari nintzela asteon egunkarian agerturiko albiste bat igorri dit posta elektronikoz lankide batek. Aipatu albisteak azken urteotan Europako zenbait psikologok bideraturiko azterketaren berri ematen du, azterketaren helburua delarik gaur egungo gazteek munduarekiko duten jarrera azaltzea.
Joko elektronikoekiko menpekotasuna duten gazteen inguruan gauza handirik ez du esaten ikerketak; aitzitik, aspalditik handik eta hemendik entzun izan duguna baieztatzera dator: hots, joko elektronikoek eta abarrek gazteen sozializatzeko gaitasuna gutxitu egiten dute. Arreta deitu didana, baina, zera da: «Harry Potter» zein «Twilight» bezalako liburuak irakurtzen dituzten gazteek kontzientzia sozial handiagoa dute, hain zuzen, aipatu liburuetan komunitateari (dela aztiena, dela banpiroena) gorazarre egiten zaiolako. Modu horretan planteatuta, ez dirudi literaturaren egoera hain iluna denik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo