GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

HERRI KIROLAK Zazpi Herrialdeetako Txapelketa

Kirolaririk onenak batera ikusteko aukera bikaina

Zuberoak ezin izan du taldea osatu, eta ez da Legutioko final handian arituko.

p042_f01_148x96.jpg

Jon LEUNDA

Euskal Herriko Zazpi Herrialdeetako Txapelketa jokatuko da gaur Legution 16.00etatik aurrera. Hantxe izango dira Lapurdi, Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa Garaia, Nafarroa Beherea eta Araba. Zuberoak arazoak izan ditu bere taldea osatzeko garaian, eta ez du parte hartuko.

Talde bakoitzak hamar kirol ezberdin egin beharko ditu, nahiz eta guztiek ezin izango duten hori bete. Izan ere, jende falta edo lesioak tarteko, hainbat taldek ez dute proba guztietan parte hartuko.

Izango diren kirolak honako hauek dira: sokatira (640 kilotan sartuta), lokotx-biltzea (bakoitzak 50 batu beharko ditu, batetik bestera 1,25 metroko tartea dutela), ingude-altxatzea (bakoitzak 18 kiloko ingudea erabili beharko du minutu eta erdian), lasto-altxatzea (bi minututan 45 kiloko fardoari ahalik eta jasoaldirik gehien eman behar zaizkio), harri-jasotzea (kirolari bakoitzak 100 kiloko kopa erabiliko du bi minutuko txandan), txingak (bakoitzak esku bakoitzean 50 kiloko txingak erabiliko ditu), zaku-lasterketa (hiru laguneko taldeekin eta 80 kiloko zakuarekin bakoitzak 120 metro egin beharko ditu), trontza (bikote bakoitzak 45 ontzako enborra etzanda jarrita hamar epai eman beharko dizkio), aizkora (lau 45 ontzako ebakitzeko) eta orga-jokoa.

Herrialde bakoitzak kirol bakoitzeko txapeldunak eramaten ditu, baina badira kasu bereziak ere. Araban, esaterako, segoviar bat da txapela jantzi zuena, eta, ondorioz, ez da bera izango Arabako ordezkaria, herrialdekoa izan beharra baitu. Azken orduko aldaketarik ez bada, Arkaitz Jauregi arituko da.

Azken orduko hutsune garrantzitsuak ere izango dira gaurko saioan, izan ere, Lapurdik ez du zaku-lasterketako talderik aurkeztuko. Bertako partaide batek min hartu du, eta, bera ordezkatzeko modurik izan ez dutenez, ezingo dute proba honetan parte hartu. Aipatzekoa da iaz beraiek izan zirela onenak.

Nafarroa Garaia

Nafarroa Garaia da txapela lortzeko faborito nagusia. Nafarrak azkeneko urte hauetan jaun eta jabe izan dira, eta zaila izango da talderen batek beraiei aurre hartzea. Gipuzkoa izan daiteke aurkaririk gogorrena. Bizkaia ere hor aurrean ibiltzen zen taldea da, baina azkeneko urte hauetan beherakada nabarmena izan du, eta une honetan ez dirudi txapelaren lehian aritzeko moduko taldea denik.

Lapurdik eman zuen iaz sekulako gorakada eta ezustea, baina zaku-lasterketan talderik gabe geratzeak kalte handia egingo dio, kirol horretan faboritoak baitziren. Hala, horko puntuen hutsunea handia izango da.

Azkeneko posturako lehia, berriz, Nafarroa Beherearen eta Arabaren artean egongo dela dirudi. Araban kirolariak falta dira, kirolari askok kirol ezberdinak egin behar izaten dituzte lehiaketak aurrera eraman ahal izateko, eta, hala, zaila da honelako lehiaketa batetan emaitza onak lortzea. Nafarroa Beherekoek, berriz, apur bat gorantz egin dute, baina oraindik falta zaie. Orokorrean, kirol bakoitzean herrialde bakoitzak dituen onenak bertan izango dira. Nazabal, Azurmendi, Barberena anaiak edo Agirregabiria, esaterako.

Egur lanetan izaten dira alderik handienak

Honelako ekitaldi batean kirol batzuetan alde handiak izaten dira herrialde batetik bestera, eta hori gaurkoan ere agerian geratuko da. Aizkoran, esaterako, gaurko finalean, eta azken orduko aldaketarik ez bada, Lehen Mailako hiru bakarrik izango dira. Nazabal, Azurmendi eta Atutxa, eta horiek gainerakoei alde handia kentzea izango da normalena, nahiz eta lana ez den luzea.

Trontzan ere beste horrenbeste gertatuko da. Barberena anaiek bestela ere gainerakoei tarte handia kentzen diete, eta azkeneko Euskal Herriko Txapelketako podiumean hirurak nafarrak ziren; beraz, pentsa zer-nolako tarteak egon daitezkeen. Harri-jasotzen ere gauza bera. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo