GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA

Bedaiok hartuko du Gipuzkoako finala

J.L.

Joxemari Olasagasti, Iñaki Azurmendi, Jexuxmari Mujika, Joseba Otaegi eta Ugaitz Mugertza lehiatuko dira bihar, 18.00etatik aurrera, Bedaioko plazan, Gipuzkoako Lehen Mailako txapela erabakitzeko asmotan.

Kirolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu beharko ditu. Badirudi txapela lortzeko faborito nagusiak Olasagasti eta Azurmendi direla.

Igeldokoak oso ongi dagoela erakutsi du azkeneko bi egun hauetan, Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako bi saioak irabazi egin baititu. Final hau eta Euskal Herrikoa mimoz prestatzen ari da, eta askorentzat faborito nagusi bera bihurtu da.

Azurmendi da egungo txapelduna, eta Olasagastiri aurre egiteko prest dago. Asteazkenean izan zuten azken neurketa elkarren aurka Ordizian, eta han igeldoarra gailendu zen. Aldiz, bihar egin beharreko lana ezberdina izango dela kontutan hartuta, gauzak goitik behera alda daitezke.

Jexuxmari Mujikak ere hor tartean burua sartu nahi du. Ibarrakoa ongi dagoela esaten dute, eta bi faboritoek ere bera oso kontutan hartu beharra dagoela diote. Bedaion bere mailarik onena erakutsi beharko du .

Joseba Otaegi, berriz, Zalduaren aurkako apustua prestatzen ari da, korrika eta aizkoran. Beraz, daraman prestakuntza ez da aizkorarako bakarrik, baina ongi egongo da, eta lan on bat egitea espero dute denek.

Ugaitz Mugertza berria da final honetan. Mutrikuar gazteak iaz lortu zuen Bigarren Mailako txapela, eta aurtengo helburua mailari eustea izango da, azkena geratzen denak datorren urtean Bigarren Mailan aritu beharko baitu.

Finala bera oso maila handikoa izango da, bost lehiakideetatik lauk iaz Euskal Herriko Lehen Mailako finala jokatu baitzuten. Mugertza II.a ez beste guztiak han ziren, eta horrek dena erakusten du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo