GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

TXAPELDUNEN LIGA

Olasagastik ere lortu du finala jokatzeko txartela

J.L.

Joxemari Olasagastik lortu du Urrezko Aizkorako finala jokatzeko txartela. Bi aizkolarik bakarrik lor zezaketen zuzenean, finalerdiak jokatu gabe, txartel hori, eta igeldoarrak ere helburua bete du, aurretik Aitzol Atutxak egina zuen bezalaxe.

Asteazkenean, Ordizian, Azurmendi hartu zuen mendean Olasagastik. Egin beharreko sei lanetatik lautan atera zen garaile. Arriarangoak, estreinakoa, kolpekakoa, eta azkenekoa, iraupen proba, bereganatu zituen; beste laurak, aldiz, Igeldokoak irabazi zituen. Lan guztiak 16 minutu eta 35 segundotan egin zituen Joxemari Olasagastik, eta 17 minutu eta 7 segundo behar izan zituen, berriz, Iñaki Azurmendik.

Herenegun Juanjo Lopez izan zuen aurrean Olasagastik Urdulizen jokatutako saioan. Neurketa estua izan zen, bakoitzak hiruna proba irabazi baitzituen. Auzia, ordea, iraupen saioan erabaki zuen. Bakoitzak lau kana-erdiko erdibitu behar izan zituen, eta Olasagastik 56 segundo kendu zizkion Lopezi. Lan guztiak 18 minutu eta 25 segundotan egin zituen gipuzkoarrak, eta 18 minutu eta 47 segundo behar izan zituen, berriz, Lezaungo aizkolariak.

Gazteen finala

Euskal Herriko gazteen finala jokatuko da bihar Leitzako plazan, 12.00etatik aurrera. Aizkolari bakoitzak lau 45 ontzako eta bi kana-erdiko erdibitu beharko ditu. Parte hartuko dutenak honako hauek dira: Eneko Saralegi, Eneko Otaño, Kortxero, Olano II.a eta Etxeberria II.a

Finala oso estua iragartzen da, hiru faborito agertzen baitira. Kortxero da egungo txapelduna, eta, beraz, oso kontuan hartu beharrekoa da aizkolari arabarra. Bere herrialdean ilusio handia jarri dute berarengan, eta Kortxero hori asetzen saiatuko da.

Bestetik, Beizamako Eneko Otañok bai banakako bai binakako Urrezko Aizkorak irabazi ditu aurtengoan, eta Eneko Saralegi, berriz, eskarmentu handiko aizkolaria da eta etxean ariko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo