«Kontxa irabazteko aukera izate hutsa ametsa da guretzat»
ZUMAIAKO ARRAUNLARIAK
Oraindik ez dituzte 20 urte (19 ditu Aintzanek eta 17 Iratik) eta dagoeneko Kontxako Banderak zer suposatzen duen ondotxo dakite. Denboraldi zaila izan duten arren, azken asteotan emaitza bikainak erdietsi dituzte zumaiarrek, eta, horren erakusle, Kontxako lehen jardunaldian onenak izan ziren ezustekoa emanez. Bost segundoko aldea defendatu beharko dute bihar, eta borrokarako prest daude.
Asier AIESTARAN
Zarautzek utzitako trainerua iganderako atontzen harrapatu ditugu zumaiarrak. Egun handia izan daiteke biharkoa eta dena prest edukitzea komeni da.
Jendearentzat ezustekoa izan zen zuek lehen postuan ikustea. Zuentzat ere bai?
Aintzane: Guk bagenekien posible zela. Santanderren Galizia menderatu genuen, eta Orion Getaria ere bai. Oso lasai joan ginen, gure lana ahalik eta ondoen egitera, faboritoak beste biak zirelako. Eta, gainera, Kontxako Bandera izanda, hain estropada berezia, batez ere gozatzera irten ginen. Gure helburua batez ere bigarren jardunaldira aukerekin iristea zen, eta, egia esan, nik ez nuen espero dena horren ondo ateratzea.
Irati: Pasa dugun urtea pasata, Kontxan sartzea bera jada guretzat oso emaitza ona zela esango nuke. Pentsa, maiatzean oraindik ez geneukan trainerua osatzeko adina jende. Hibaikatik etorri behar izan zuten neska batzuk. Denboraldian zehar ere hiru bat neska eduki ditugu lesionatuta... Kosta egin zaigu trainerua aurrera ateratzea, eta, beraz, Kontxan egotea jada amets bat da. Aurreko igandean portura iritsi eta gure lagunak, klubeko kadeteak eta abar han ikustea amets bat bezalakoa izan zen. Bagenekien hasieratik faboritoak Galizia eta Getaria-Tolosa zirela, baina saiatu gabe ez ginen geratuko, eta, zorionez, ongi atera zitzaigun.
Noiz konturatu zineten aurretik amaitzea posible zela?
A: Ba kuriosoa da, baina oker-oker eginda atera ginen. Haizeak gogor jotzen zuen eta trabeska hasi ginen arraunean. Eta orain artean, gauzak gaizki hasiz gero, burua erraz galtzen zuen tripulazio bat izan gara. Alde horretatik, nahiz eta atzetik hasi, burua hotz mantentzeko gai izan ginen eta gure arraunketa hartutakoan sekulako estropada egin genuen. Entrenatzaileak askotan esaten digu, gu geu garela geure buruaren arerio handienak.
Azken aste hauetan gorakada nabarmena egin duzue. Traineru aldaketa izan al da arrazoi bakarra?
I: Nire ustez traineru aldaketak morala eman digu, agian orain arte falta genuen moral puntu hori. Eta, azkenean, estropada bat irabazteak eta emaitza onak lortzeak indarra ematen dizu, zerbait bazarela sinesten joaten zara. Urte guztian egindako lana hortxe dago, baina azken emaitza hauek ilusioa eman digute batez ere.
Esan duzue faborito ez izatea ona izan zela zuentzat aurreko igandean, baina bigarren jardunaldian juxtu kontrakoa gertatuko zaizue. Beldurrik ematen al dizue horrek?
I: Hankak lurrean dauzkagu. Talde guztiak badaki zer dagoen, badaki oraindik gogorrena geratzen dela eta lan asko egin beharko dela Kontxa irabazteko. Eta inguruko jendea lagundu nahian ere hor dabil, animoak ematen. Asko geratzen da oraindik ere.
A: Ez dut beste jarrera batekin joango garenik pentsatu nahi. Aurreko igandean bezala joango garela pentsatu nahi dut: gure lana ondo egitera eta arraunean gozatzera. Azken finean, guregatik egin nahi dugu lan ona, gure buruarekin gustura amaitzeko, eta ez beste inori ezer demostratzeko. Era berean, badakigu Zumaiatik jende pila bat joango dela Donostiara igandean, eta badaukat beldur pixka bat unea iritsitakoan egoerak berak ez ote gaituen geure burua gehiegi estutzera eramango. Horrela ez izatea espero dut.
Erakutsi duzue aurten itsaso apur batekin hobeto moldatzen zaretela. Zer eskatuko zenukete alde horretatik bost segundoko aldea defendatzeko?
I: Nik aurreko igandeko baldintzak errepikatzea nahiko nuke. Itsaso pixka bat egotea eta kale on bat tokatzea. Badakit itsasoa dagoela ikusten dugunean lasaitu egingo garela. Eta gero arraunketa, arraunketa klabea izango da. Azken batean garrantzitsuena egindako lanarekin konforme gelditzea da, guretzat denboraldiko azkeneko estropada izango delako. Alde horretatik, sentsazio onekin bukatzea nahiko nuke.
Aurten lehenengo aldiz neskek ere bi jardunalditara egingo duzue arraun. Ados al zaudete aldaketa horrekin?
I: Mutilen eta nesken arteko parekotasuna lortzeko bidean aurrera pauso bat da eta niri ongi iruditzen zait.
A: Guk beti eskatzen duguna berdintasuna da, eta zentzu horretan aldaketa onerako da. Gure kasuan, ezustekoa ematea errazagoa da egun bakarrean, baina aurrera begira pauso garrantzitsua da bi jardunalditara jokatzea. Juxtuena da denontzat, eta berdintasunaren bidean urrats bat. Antzeko zerbait gertatzen da distantziarekin ere. Kolpetik agian ezingo da, baina helburua pixkanaka mutilen distantzia berdina egiten joatea da. Garrantzitsua da pauso horiek ematen joatea.
Aste honetan entrenamendu berezirik egingo al duzue, Donostian adibidez?
I: Ez gara joaten. Aurreko urtean ere ez ginen joan, ez sailkapen estropadaren aurretik, ezta igandera begira ere. Eta nik uste mesede egiten digula hemen gelditzeak, gure eguneroko lanean zentratuta, gure giroan.
A: Hara joanez gero, badakizu jendea ibiltzen dela begira, beste klub asko ere han dabiltza, eta normaltasun horretatik ateratzen zara. Nire ustez ere guretzat hobeto da gure kaxa Zumaian entrenatzen jarraitzea.
Zer suposatuko luke zuentzat Kontxa irabazteak?
A: Hori bai izango litzatekeela amets bat. Are gehiago aipatutako zailtasun denak eta gero. Denboraldi hasierako jaitsieretan ikusten genuen Getaria-Tolosa jada entrenatzen hasita zegoela, San Juan ere uretan zebilen, Galizia ez genuen ikusten baina bagenekien neska asko dauzkatela eta batetik edo bestetik trainerua aterako zutela... Hor ibili ginen batari eta besteari deika, eta maiatza edo ekainera arte ez dugu argi ikusi trainerua ateratzerik izango genuen edo ez. Bi urtetan atera dugu trainerua Zumaiaren izenean, iaz oso lan polita egin genuen, eta lan horri jarraipen bat eman nahi diozu. Lesionatuak... «Carrera de obstaculos», gure entrenatzaileak esaten duen moduan. Eta hori dena ikusita Kontxa irabaztea lortuko bagenu...
Ohiko arazoa izaten da. Gaztetxotan neska asko animatzen dira, baina adin batetik aurrera oso gutxik jarraitzen dute.
I: Ikasketek eragin handia izaten dute. Behin batxilergoa amaitutakoan oso jende gutxik segitzen du arraunean. Eta kirol honek eskatzen duen lotura ere hor dago. Askok nahiago izaten du lasaiago ibiltzeko aukera emango dion kirolen bat, asteburuak jai eduki, udaran atseden hartu...
A: Udaran izateak asko baldintzatzen du. Ezin duzu esan «udaran oporretara noa». Ez, ahaztu egin behar dituzu oporrak, parrandak, fin de curso... Honetara egon behar duzu buru-belarri. Asko kentzen dizu, argi dago, baina eman ere asko ematen dizu, bestela gu ez ginateke hemen egongo.
Iganderako sekulako giroa espero duzue. Zer esaten dizue jendeak kalean?
A: Bai, bai. Alkatea ere etorri zitzaigun aurrekoan txaranga eramango dutela komentatzera. Jendea gogoratzen da oraindik 2007an bizitako giroaz, mutilak Kontxan sartu ziren azkeneko aldiaz, eta antzeko zerbait biziko dela ematen du, afizioa piztu egin dela. Eta oso polita izango da, aurreko igandean eguraldi txarrarekin azkenean ez zelako hainbeste jende egon.
Kontxaz aparte, beste hainbat lehiaketa eduki dituzue. Euskotren ligan ere, adibidez, formatu aldaketa estreinatu zenuten. Zer iruditu?
I: Guri ongi etorri zitzaigun, Euskotren ligan galiziarrekin lehiatzen ginelako eta Gipuzkoako Ligan, berriz, getariarrekin. Beti geneukan bi faboritoetakoren bat aldamenean gure indarrak neurtzen joateko. Baina getariarrek adibidez ez dizute hori esango, Espainiako Txapelketa iritsi arte ezin izan zutelako behin ere galiziarrekin nor baino nor arraun egin.
A: Aldaketa horren gauza onena klubei lehiatzeko aukera ematea izan zen. Orain arte selekzio bidez egiten zen, eta Gipuzkoan bost klub edukita ez zeukan zentzu handirik. Gipuzkoaren izenean arraun egiteko, adibidez, sailkapen estropada bat egin zen eta irabazlearengandik 25 segundo edo gutxiagora sartzen zirenek zeukaten lehiatzeko aukera. Ez zen batere juxtua katalanei arraun egiteko aukera ematea eta gipuzkoarrei ez, jakinda haiek baino maila hobea zeneukala.
I: Selekzioen arazo handiena Gipuzkoa eta besteen arteko egoera ezberdina da. Besteek selekzio bat osatzeko arazoak izaten dituzte, eta gu, berriz, gehiegi gara selekzio bakarrean aritzeko. Iaz txandaka ibili ginen getariarrak eta gu, baina Koxtape, esaterako, arraun egin gabe geratu zen nahiz eta gu bezainbeste entrenatu.
Alde horretatik, Gipuzkoako Liga ere urrats garrantzitsua izan al da egutegia osatzeko?
A: Hala da, dagoen mugimendua erakusten duelako eta aurreko urteetan talde batzuentzat arraun egiteko ia aukera bakarra zelako. Esan bezala, iaz ez bazinen Euskotren ligan sartzen ia estropadarik gabe gelditzen zinen; txapelketak eta Kontxa bakarrik zenituen. Eta udara guztia sakrifikatzeak lau estropada bakarrik jokatzeko ez du pena merezi.
I: Badakigu Euskotren liga astebururo jartzea ezinezkoa dela, eta, hortaz, Gipuzkoako Liga oso ongi etortzen zaigu denboraldia osatzeko. Astebururo estropada bat edukitzeak beste motibazio bat ematen dizu.
Emakumeen sariekin ere izan dira gorabeherak. Euskotren ligan estropada bakoitzeko sariak kendu egin zituzten, Espainiako Txapelketan ere ez zen saririk izan...
A: Ba Espainiako Txapelketakoa ez genuen gertutik jarraitu ez ginelako sailkatu, baina uste dut kontua izan zela mutilentzako sekulako sariak zeudela eta neskentzako ezertxo ere ez. Banderarik ere ez zen egon, baina hori uste dut araudiagatik izan zela. Bandera jokoan jartzeko gutxienez lau traineruk hartu behar dute parte eta aurten hiru bakarrik egon ziren.
I: Bizkaia sailkatu sailkatu zen, baina uko egin zion parte hartzeari. Guri ere eskaini ziguten haien ordez joatea, baina ez joatea erabaki genuen, uretan ez ginelako sailkatu. Gainera, Gipuzkoako Ligako estropada ere bageneukan asteburu horretan.
Txapelketei buruz ari garenez, Gipuzkoakoan bigarren sailkatu zineten eta Euskadikoan laugarren, Lekeition.
A: Egun horretan dena gaizki irten zitzaigun. Denboraldi osoa aldaketa batekin edo birekin ari ginen egiten, eta juxtu estropada hasi aurretik neska bati azazkala apurtu eta mareatu egin zen. Batere ordezkorik gabe gelditu ginen. Laugarren kalea egokitu zitzaigun eta beroketak egiten hasi ginenetik ikusi genuen ez zela gure eguna izango. Gaizki irten ginen eta ia arrokak jo genituen. Ziabogan zertxobait errekuperatu ginen, baina...
Zein izaten da denboraldiaren planifikazioa? Noiz hasten zarete entrenatzen?
I: Urriaren bukaeran hasten gara entrenatzen eta bateletako estropadak urtarrilean hasten dira. Martxoa bukaeran edo apirila hasieran bateletako txapelketak egoten dira. Gero, apirila eta maiatza artean, trainerillak edukitzen ditugu.
A: Lehen aipatu ditugun Hibaikako neskak, adibidez, batelak eta trainerillak Hibaikaren izenean egin dituzte eta gero traineru denboraldirako hona etorri dira. Atera kontuak, Euskotren ligaren formatua oraindik oso argi ez zegoenean esan ziguten sailkapen estropada bat egingo genuela multzo bakoitzeko serie-buruak zein izango ziren erabakitzeko. Maiatzaren 18an jarri ziguten eta estropada horretara trainerua ia behin ere uretaratu gabe aurkeztu ginen, bi entrenamendurekin. «Sekulako egurra emango digute» pentsatuaz joan ginen, baina azkenean bigarren amaitu genuen. Orduan hasi ginen aurten zerbait egitea bageneukala sinesten. Baina, beno, azkenean estropada hark ez zuen ezertarako balio izan, galiziarrak jarri zituztelako serie-buru. A.A.
Kontxa bezalakorik ez dagoen arren, Aintzane, Irati eta beste arraunlari guztiak aspalditik ari dira lanean. Batel eta trainerilletan lehenik, eta urtetik urtera estropada gehiagoz osatuta dagoen traineru denboraldian gero. Urteko balantzea egiteko aprobetxatu dugu zita.