GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Andoni Olariaga | Filosofian lizentziatua

Borroka ideologikoaren kimu berriak

Egungo testuinguruan borroka ideologikoak eta, zehazki, iraganaren kontakizunak hartu duen garrantzia aztertu du Andoni Olariagak, baita esparru horretan abiatutako lehia ere. Independentziaren baliagarritasuna borroka ideologiko horretako kimu garrantzitsutzat du.

Borroka ideologikoak dimentsio berriak hartu ditu gure herrian. Horietako bat, zalantzarik gabe, iraganaren kontakizunaren hegemonia da. Momentu soziopolitiko honetan, borroka armatuaren zikloa ixteko bidean dela, borroka ideologikoaren (beraz, politikoaren) lehen lerroan kokatu da azken 50 urteetan (edo ehun, edo «demokraziaren» 30ak, kasuan kasu, interesak interes) gertatutakoaren interpretazioaren hegemonia lortzea. Patxi Lopez Vascongadetako lehendakari ilegitimoak dagoeneko posizioa hartu du, esanez «demokratek» gertatutakoaren kontakizun «objektiboa» egingo dutela: ez gehiago, ez gutxiago. Bere blogean irakurri ahal izan diogu: «Yo tampoco sé lo qué dirán los historiadores pero sé con certeza que el futuro nunca dirá que las víctimas fueron los asesinos».

Historia, ordea, garaileak idazten du, eta historialariek garailearen bertsioa eman baino ez dute egiten. Hau da, imajinatzekoa da Espainiak irabazten baldin badu egingo den kontaketa zein izango den: etakideak terrorista hutsak izan zirela, demokrazia onartzen ez zuten lau zoro, eta espainiar demokrazia, frankismotik askatu zen demokrazia aurrerakoi bat. Alderantziz, ordea, Euskal Herriak irabazten baldin badu, errelatoak azken 30 urteetako demokrazia bukatu gabeko trantsizioaren produktu post-frankistatzat joko du, eta ETAren jardunaren logika bukatugabeko trantsizio horren baitan kokatuko da, eta horrela, ondoren, moralismo merke gabe haren historia ikuspegi politiko eta sozial batetik aztertzea posible izango da (orduan, mundu guztiak esango du bere garaian ETAkoa izan zela). Eskola liburuetan Maria Antonietaren lepo mozketa iraultza lorios gisara azaltzen zaigun bezala, moralkeria merkerik gabe.

Hortaz, ETAren historiaren interpretazio politikoa egitea posible denean, parametro politiko eta sozialak hartuko dira kontuan. Horrela, aztertuko da ETAk euskal abertzaletasunari zer ekarri dion, azken 200 urteetako abertzaletasunaren historiari erreparatuz. Orduan esan ahal izango da, baita ere, abstraktua zen arazo politikoa konkretu bihurtzen zuela jardun armatuak. Hala nola, Estatua akzio-errepresio dinamikan sartzera behartzen zuelako, jarrera antidemokratikoan sakontzera derrigortzen zuela, Euskal Herriaren askapen dinamika sustatuz. Horrekin batera, Euskal Herriaren askapen prozesuan borroka armatuaren eraginez zer baldintza politiko lortu diren aztertzea ere posible izango da. Adibidez, Fredi Paiak duela urte batzuk zioen bezala: «Abertzaletasun instituzionalak Madriletik lortu dituen gauza guztiak borroka armatua deslegitimatzeko helburuarekin onartu dizkiote. Borroka armatuaren aldekoenak ziren zonaldeetan egin dira inbertsio handienak eta ez da kasualitatea gurean egotea estatuko lan baldintza onenak». («Beharrezko tresna», «Berria»). Bestalde, Estatuaren eta ETAren arteko borrokan, hitz egiteko prestutasun handiagoa nork zuen ere aztertu beharko da.

Horiek eta mila gauza gehiago, garaia heltzen denean. Hausnarketa horiek egiteko garaia heltzen denean, 50 urte horien analisi politikoa parametro hauetan ibiliko da, lanbro artxikatoliko espainola desagertzearekin batera.

Batzuek gaurtik hasi nahi dute errelato horren hegemonia lortzen. Hori dela eta, agente politiko bakoitza bere kontakizuna inposatzen hasia da, bakoitzaren historia politikoa legitimatzearen araberakoa dena. Estatuak Espainiaren batasuna, trantsizioa eta bertatik sortutako aparatuak justifikatzeko kontakizuna martxan du, «demokraziatik» atzerakoa ahanzturan utziz; PNVren kontakizunak ETA errore historiko gisa hartu eta abertzaletasun instituzionalak bide baketsuetatik (nahiz eta Ertzaintzak sistematikoki torturatu izan duen) lortutakoak azpimarratzen dihardu; Aralar bere bereizketa justifikatzeko kontakizuna egiten dabil, ezker abertzalearenari bereizia derrigorrez, V. Biltzarreko txostenean ikus daitekeen bezala (ezker abertzaleari egozten dizkio negoziazio eskema zaharrak -Anoeta eta Loiola-, eta bere lorpen handitzat jarri Gernikako Akordioa, aldebakartasunean oinarritua). Bien bitartean, ezker abertzaleak bere kontakizuna egiteko zailtasunak dauzka. Alde batetik, zuzendaritza politikoaren gehiena kartzelan daukalako, eta, bestetik, bere alderdi politikoak (Sortu) legez kanpo jarraitzen duelako. Hori baliatuz, hainbat alderdi politikok bere gain hartu du ezker abertzaleari dagokion kontakizuna egiteko eskubidea.

Ezker abertzaleak beste borroka ideologiko garrantzitsu bat dauka irabazteke. Hain zuzen, azkeneko eztabaida-prozesutik gauzatu duen estrategia aldaketa -indarrak metatzeko garaia zela eta hori burutzeko ezinbestekoa zela borroka armatua desaktibatzea- alderdi politiko guztiek haien meritutzat hartu nahi dute orain. Alde batetik, PPtik PNVra, aparatu demokratikoen presioari esker (erailketak? torturak?) mugitu dela diote: «Los abertzales van a hacer 30 años después lo que ya hicimos muchos: aceptar las reglas del juego». Iñigo Urkullu, 2011-02-07.

Bestetik, Aralarrek argumentazio logika berbera darabil: duela 10 urte ETAren ekintza armatuak bukatu behar zirela esan zuen Aralarrek, eta 10 urte beranduago ezker abertzalea ondorio berdinera heldu denez (ondorio berdinera, hala ere, forma eta modu oso diferentean), Aralarren hasierako tesiak onartu besterik ez omen du egin. (Hortik disparate hutsa den ondorio hau atera dute batzuek: «Aralar ha hecho un trayecto y les llevamos 10 años de ventaja en cultura política pacífica». Aintzane Ezenarro). Falazia hori sinetsi nahi duenak sinestea dauka. Baina ideia berdinera heltzeak ez du esan nahi bide berdinetik heldu zarenik, eta are gutxiago, beste batzuen presioari esker izan denik.

Irakurketa horiek guztiak hertsiki lotuak daude ETAren paradigmaren amaierarekin. Hau da, borroka ideologikoak biraketa bortitz bat eman du: dena da ETAren paradigma bukatu da. Estatua antagonismo politikoa kudeatzeko paradigma berri bat eraiki beharrean dago. Oraingoz, aurrekoari eusten jarraitzen dioten arren, mass media espainol eta euskaldun erregionalistak jo eta su ari dira Bilduri kontraesanak bilatu, asmatu eta puzteko borrokan. Horixe izango da paradigma berriaren adarretako bat: Bilduren ustezko kontraesanak aireratzea. (Gutako batzuk gustura dabiltza etxeko sofatik hatza zaurian sartzen, alajaina). Baina paradigma berria ez da ardatz horretan funtsatuko soilik, aitzitik, dualismo zaharren errekuperazioan sakontzea izango du oinarritzat.

Hain zuzen, Estatua borroka zahar bat berreskuratzen ari da, euskaldunok oraindik irabazi ez dugun bat. Borroka horren sakoneko auzia da, hain zuzen: unibertsaltasunaren giltza, hegemonia, nork eskuratzen duen. Helburu horri begira, Estatuak betiko dualismoak inoiz baino agresiboki planteatuko ditu. Propietate unibertsalen hegemonia lortzea helburu duen borroka ideologikoa da: alde batetik, haiek aurkezten dira objektibo, hiritar, ez-nazionalista, unibertsal, praktiko, ez-ideologiko, moderno eta progresoaren aldeko gisa. Eta bestetik, abertzaleak (orain Bildu) lirateke subjektiboak, indibiduoa zapaltzen duen kolektiboen aldekoak, nazionalistak, partikularrak, teorikoak, ideologikoak, progresoaren kontrako cromagnonak (AHT aitzakia gisa). Borroka eremu horretan, pixkanaka propietate unibertsalak irabazi beharko dira. Borroka ideologikoaren funtsezko beste kimu bat, ezbairik gabe, independentziaren baliagarritasunarena da. Zergatik independentzia? Ikasturte berrian, badirudi independentziarako arrazoiak landu eta irabaztea herri honen erronketako bat izango dela.

Horregatik guztiagatik, ekin diezaiogun borroka hauek irabazteari!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo