Epaiaren esperoan, 197/2006 doktrina indargabetzea eskatu du Etxeratek
Hamarka euskal herritar preso atxikitzen dituen 197/2006 doktrina eztabaidagai dago Auzitegi Konstituzionalean, eta plazaratzear da haren gaineko behin betiko erabakia. Epaiaren esperoan, doktrina horrek Euskal Herrian «lekurik ez» duela adierazi eta bere indargabetzea exijitu du Etxeratek. 197/2006 doktrinaren ondorioz preso daudenen askatasuna eskatzearekin batera, datorren larunbatean Donostian izango den manifestaldiarekin bat egin du Etxeratek.
Oihana LLORENTE |
Datorren larunbatean Egin Dezagun Bidea ekimenak Donostian antolatutako manifestaldi garrantzitsuaren bezperetan, Etxerat elkarteak gaixorik dauden presoek eta 197/2006 doktrinaren ezarpena dela-eta bahiturik dauden euskal herritarrek bizi duten «etengabeko eskubide urraketa» lehen planora ekarri nahi izan du. Horretarako, gaixorik dauden ala doktrina aplikatu zaien presoen senideen aldarria entzunarazi zuen atzo Donostiako Artzain Onaren katedraleko kanpai hotsen gainetik.
Auzitegi Konstituzional espainola 197/2006 doktrinaren inguruko epaia plazaratzear den honetan, kezkaz beterik ematen dituzte egunak doktrina hori aitzakia hartuta espetxean mantentzen dituzten presoen senide eta lagunak. Mattin Troitiñok, euskaraz, eta Josune Dorronsorok, gazteleraz, 197/2006 doktrinak Euskal Herrian «lekurik ez» duela esan zuten argi eta garbi; bide batez, auzitegi espainolaren ebazpenak doktrinaren indargabetzea ekarri beharko lukeela defendatu zuten. Doktrinaren indargabetzea, Etxeraten nahia izateaz gainera, euskal jendartearen gehiengoarena ere badela nabarmendu zuten Donostiako Artzain Onaren katedralaren atarian eskainitako agerraldian.
Bildutako senideek gogor kritikatu zuten orain dela bost urte Auzitegi Gorenak «asmatutako» doktrina, eta, tarte horretan, aske egon beharko luketen 71 euskal presori ezarri dietela adierazi zuten. Horien guztien askatasuna galdegin eta 197/2006 doktrina «zuzenbidearen parametroetatik urrun, eskubideen urraketa eta erabilpen eta errepresio klabeetatik gertu» dagoela arbuiatu zuten.
Gaixorik eta behar bezalako tratamendurik jaso gabe etxetik ehunka kilometrotara dauden euskal presoak ere ez zituzten ahantzi. Hala, espetxean mantentzen dituzten bitartean, «Europan indarrean dagoen bortizkeria politikorik handiena sufritzen» jarraituko dutela iritzi zioten. Osasun baldintza desegokietan edonor preso egotea larria baderitzote ere, Euskal Herrian zabaldu den aro politiko berrian preso gaixoen egoera batere ez aldatu izana «onartezintzat» jo zuen preso eta iheslarien senideen elkarteak.
Presoen arreta mediko eta psikologikoa bermatzeaz arduratzen den Jaiki Hadi elkarteak Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideen %25ak osasun arazoak dituela ohartarazi berri du. Hortaz, Etxeratek atzo nabarmendu moduan, 152 euskal herritar dira kartzelan gaitzen bat edo beste sufritzen dutenak.
Diagnostikatutako kasuen artean, Ibon Iparragirre ondarrutarraren eta Txus Martin basauriarraren egoera jo zuten bereziki larritzat atzoko prentsaurrekoan. Biek ala biek osasun arazo larriak dituzte, eta, gainera, beraien osasun egoerak okerrera egin du azken hilabeteotan. Iparragirre eta Martinen konfiantzazko medikuek orain gutxi ohartarazi zutenez, espetxean jarraituz gero beraien bizitzak arrisku larrian izango lirateke.
Ibon Iparragirrek hiesa du. Gorputzeko defentsen herenak galdu ditu jada eta oso nekatuta eta ahul aurkitzen da etengabe. Txus Martinek, aldiz, nahasmen eskizo-afektiboa dauka eta iaz zainak mozten saiatu zen. Troitiñok, Martinen, Iparragirreren eta beraien moduan «heriotzaren atzaparretan» dauden gainontzeko presoen askatasuna eskatu zuen.
Eri dauden presoen eta kondena beteta eduki arren kartzelan jarraitzen dutenen askatasuna galdegin ostean, egoera horiekin bukatzeko modu aproposena «indarrak metatzea eta mobilizatzea» dela nabarmendu zuen Troitiñok. Herri mobilizazioak euskal presoen eskubideak errespetatuak izatea ekarriko duela uste du Troitiñok, eta, hortaz, datorren larunbatean «Eskubide guztiekin, euskal presoak Euskal Herrira» lelopean Donostiako kaleak zeharkatuko dituen manifestaldiarekin bat egiteko deia egin zuen Etxerat elkartearen izenean.
Ugari izan ziren Dorronsoro eta Troitiñorekin batera atzokoan prentsaren aurrean agertu ziren presoen senitartekoak. Tartean, besteak beste, gaixo dauden Gotzone Lopez de Luzuriaga eta Mila Yoldi presoen senideak edota euren zigorra luzatuta ikusi duten Iñaki Pujana edo Pakito Lujanbiorenak hurbildu ziren Artzain Onaren katedralera.
Une bitxiak ere bizi izan ziren atzoko agerraldian. Katedralera gerturatu ahala, itxaropenaren kriseilua marraztuta duten zapi zuriak jantzi zituzten senitartekoek kamera aurrean lirain agertzeko. Dotorezian, ordea, ezin izan zuten nabarmendu, ezkontza baten erdian eskaini zuten-eta agerraldia. Frak eta soineko ezin eleganteagoak soinean, buruan makina bat «tramankulu» zeramatzaten agerraldiaren inguruan bildutakoak. Batzuk besteei harridura aurpegiarekin begiratzen zieten bitartean, elizaren kanpai hotsek eten zuten agerraldia. Soineko zuridun andregaia elizan sartzearekin batera ekin zioten berriz ere presoen askatasuna aldarrikatzeari senideek.