Julen MURGOITIO
Betiko buelta berriro
Berriro gertatu. Aurreikusia zena ikusia izan da. Berriz ere, betikoa bueltan. Susmorik txarrenak bete egin dira, kostatu gabe. Leloenak ere iragarriko zuen, unibertsitatetik pasatu barik ere. Boikota bueltan. Zenbat urte?. Hantxe zetorren tropel koloretsua ahalegin betean, asfalto gainetik, tartean harbidea, eta jendea bazterretik aurka bero, txistuka, biraoka, madarikazioka, demonioka.... Bazterrotan txistua egiten ez zekienak txistuka zebilenei txaloka... Eta horrela, bazterrik bazter, asfaltoak iraun bitartean. Bai, betiko buelta izan da aurten ere, betikoek eginda. Hondarribiko buelta, egutegian klasiko bihurtu dena. Plastiko beltzaren alardea. Zein txarto ulertu duten batzuek plastikoa erreziklatzearena. Beltz gizajoa! zer hintzen eta zer bihurtu hauten!. Hain zen goxoa pirata-ontzien beltz hura! Nazkak hartu nau, urtero hartu bezala halakoak bueltan direnean.
Zer ikusirik ez hemengo beste errepide batzuetan egunotan ikusi denarekin. Gure beheko Estatuak, Kristoren urteak berak pasatu ondoren, bere Vueltari nazioarteko kutsua eman nahian edo, Euskal Herritik igarotzea deliberatu zuen aurtengoan, jakinda ere inguru honetako bide-orria maldatsuegi suertatuko litzaiokeela, halabeharrez. Hortaz, umiltasun-senda- keta Estatu horren aldetik. Eta horra kolore askotako tropela ahalegin betean, maldan zein ordekan, hemengo mikroklimak dastatzen. Gorria, zuriarekin batera eta berdea lagun, bazterrik bazter nonahi, ezker-eskuin presoen aldeko mezuak zituela. Ahaleginetan dauden guztiei, salbuespenik gabe, txaloka, animozko oihuka, osagarritasuna funtsezkoa baita, osatu egiten duenean behinik behin.
Bazter diferenteak izan dira Hondarribiako betiko bueltan eta Vueltako bueltaren alardean. Azken honetan plastiko beltzik ez, inork ez baitu bazterretik sentitu bere burua bideko ahaleginean zirenengandik ezkutatzeko premiarik. Plastikorik ez baina uniformeak ugari. Eta hauxe kolpea! errepideari ez baizik eta bazterrari begira!. Futbolean izen handiko izarrek kontrarioen atetik gertu falta zuzena botatzen dutenean ere horrelaxe izaten dira barrerako jokalariak, atezainari so, golaren aukera ez galtzeko. Betiko Vueltak eta betiko alardeak desagertzeko bidean beharko lukete izan. Horiek behingoz itzulita alarde publiko bakarra eta nazioarteko Vuelta izango ziren. Eta bazter koloretsuetatik animoka. Beharko.