GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

«guernica» gernikara

Picassoren koadroa ekartzeko eskatu dute, «herri honi baitagokio»

Atzo 30 urte bete ziren «Guernica» New Yorketik Madrilera eraman zutenetik. Ordutik, Gernikako herriak etengabe aldarrikatu du obra berari dagokiola, bere sufrimenduaren adierazpena delako, eta urteurren honetan ere hala egin zuen atzo. Udal ordezkariek koadroa ekartzeko izapideei hasiera emateko eskatu zieten Lakuako eta Madrilgo gobernuei.

p007_f01.jpg

Maider IANTZI |

Ospakizun eguna zuten atzo Madrilen, 30 urte bete zirelako «Guernica» New Yorkeko Moma museotik Madrilera eraman zutenetik. Telebistan orduko irudiak eman zituzten, Iberiako «Lope de Vega» hegazkina Pablo Picassoren obra preziatuarekin lurreratzen, kristal babeslea kentzen eta lana zaintzen zuten guardia zibilak aldentzen, diktadura bukaeraren eta «demokraziaren» hasieraren erakusgarri.

Euskal Herrian, ordea, eta bereziki Gernikan, 30 urteotan ez du etenik izan koadroa ekartzeko eskaerak, eta atzoko urteurrena baliatu zuten Jose Mari Gorroño alkateak eta herriko eta eskualdeko instituzioetako bertze hainbat ordezkarik berriro aldarrikapen hori egiteko eta helburua lortu arte ez direla geldituko agertzeko. Luis Iriondo ere, 14 urte zituela bonbardaketa bizi izan zuen herritarra, han izan zen «Guernica» ekartzeko arrazoiak azaltzen.

Picassoren lanaren erreprodukzioaren azpian, Allende Salazar kalean elkartu ziren agiri bat irakurtzeko. «Berriro batu gara gaur hemen aldarrikapen hau egiteko: koadroa ekartzea exijitzen dugu, herri honen sufrimenduaren adierazpena delako. Arazo teknikoak argudiatzen dituzte beti ezetz erantzuteko, baina jakin badakigu teknikoki posible dela eta erabakia politikoa dela», zioten bertan.

Errekonozimenduaren premia

Jose Mari Gorroño Gernikako alkateak adierazi zuenez, orain dela 74 urteko bonbardaketak eragindako hilketek eta sufrimenduak errekonozimendua behar dute, eta Gobernu espainiarrak egiteko duen lan bat da hori. «Guernica» ekartzea urrats bat litzateke bide horretan, eta horregatik egin beharreko izapideei hasiera emateko eskatu zien bai Madrili eta baita Bizkaiko Aldundiari eta Lakuako Gobernuari ere.

Bonbardaketaren 74. urteurrenean webgune bat jarri zuten martxan «Guernica Gernikara» goiburuarekin, jada 15.425 atxikimendu bildu dituzte eta lan horretan jarraitzeko asmoa dute. «Aurrera eta aurrera egingo dugu helburua lortu arte eta Madrilek borondate politikoa erakutsi arte», ziurtatu zuen Gorroñok.

1937ko apirilaren 26 hartan alarma deia aditu zuenean, Luis Iriondok ez zion garrantzi handirik eman, «egunero pasatzen baitziren abioiak herritik». Babesleku batera joan zen, plaza ondoan. Astelehen guztietan bezala, merkatua egiten ari ziren plazan eta hara ailegatzean bonba hotsak entzuten hasi zela oroitzen da. «Jende guztia zuloetan babesten hasi zen eta ni ere sartu ninduten. Hiru ordu eta erdi egon ginen bonba zarata entzuten, kanpoan zer gertatzen ari zen ezin ikusirik. Atera ginenean, herri guztia erreta zegoen», kontatu zigun.

Aitortu zigunez, Malagako margolariak sufrimendu hori erakusteko egindako obra lehenbiziko aldiz ikusi zuenean ez zion ezer erran. «Zaldi bat ageri da eta hemen astoak bai baina zaldirik ez zen. Gero, zezena, eta Gernikan zezenik ere ez zen. Niretzat, garrantzitsuena sua zen, herri osoa erre baitzen, eta koadroan sua agertzen da, baina apurtxo bat soilik. Baina andre batzuk ere agertzen dira, bat hildako ume bategaz, eta hori bai, pasa zen Gernikan. Andre batek haurra zeraman besoetan eta bonba batek hil zion; hala salbatu zen bera. Andre horiek gure amak dira», baieztatu zuen Iriondok.

Ateak ireki ere egin daitezke

Bonbardaketatik bizirik atera zen herritar honentzat «Guernica» gerraren aurkako salaketa bat da. «Mundu osoan ibili ondotik, Madrilera iritsi zen eta bertan koadroa mugitzeko ateak itxi zituzten. Itxitako ateak ireki ere egin daitezke, ordea. Horregatik gabiltza eskatzen. Gertatutakoa terrorismoa izan zen, euskal soldaduak errenditzeko zertarako gai ziren erakusteko».

Iriondok nabarmendu zuenez, apurtutako herria eta hilak gernikarrenak dira; «dirua, berriz, eurentzat. Eta guk obra ekartzea gura dugu garrantzi handia duelako hemen bakearentzat, bere garrantzia hemen dagoelako». Ez dute alferrik galdetzen bertara datozen bisitariek: «Non dago Picassoren `Guernica'?».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo