GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Amets TXURRUKA I Euskaltel Euskadiko txirrindularia

Gozamena!!!

Atzo Markelek «Zoramena!!» titulatu zuen bere zutabetxoa, eta nik ere antzera egingo dut gaur, baina gozamena aipatuta. Gozamena sentitu dugu txirrindulariok beste behin euskal zaletuen artean pasatzean. Horrela adierazi dute beraien blog, Twitter edo komunikabideetan atzerriko txirrindulari askok ere; beraz, ez da gure pertzepzioa soilik izan.

Igorren kasuan, ezin dezakegu imajinatu ere egin zer sentitu zuen Bilboko Kale Nagusian bere ametsa egia bihurtuta ikusi zuenean! Hala ere, askoz aurreragotik hasia zen gozatzen. Galdakaon, bere etxearen aurretik igarota lehendabizikoz Viveroko gaina igotzen ari zela, Marziok erritmo bizia jarri eta etapa garaipena jokoan zuen arren, berak zaletu eta lagunen giroaz gozatu nahi zuen. Gorkak momentu batean errieta ere egin zion ez zelako momentua jendea agurtzen joateko, baina gure Igor berezia da eta halako gauzak ditu. Artista hutsa da, eta artista sena duten gehienen antzera, denek espero dutenean huts egin dezake, eta, aldiz, hurrengo, gutxien espero denean, inork gutxik eskura dezakeena lortzeko gai da.

Azken astean sarri esaten zigun Bilbon irabazten duena lasai erretira daitekeela eta hara! Bilbotar on gisa, harrokeriaz eta bilbainada handia eginez irabazi ere! Gabarra aterako ote duten edo San Mames San Anton izendatuko ote duten zurrumurruak ere iritsi zaizkit... Kar-kar-kar! Ospakizunen ondoren, Gasteizera bidean, jakitun ginen etapa garaipena ia ezinezkoa zela, baina ahalegintxoa egin beharra zegoen!

Ihesaldia ez da batere egokia izan bidea egiteko; txirrindulari larregi izanik tropelak ez zuela baimenduko bagenekien, beraz, ahalik eta urrutien iristeko ahalegina egiteaz batera, bizikleta gainean gozatzeko erabakia hartu dut. Txirrindularitzan, urtean zehar egun asko dira sufrimendu eta sakrifizioa protagonista direnak, ia gehienak esango nuke. Hala ere, Euskal Herrian egin ditugun etapa hauetan sentitu ditugun sentimenduek beste guztiak ahaztarazi dizkigute!

Eskerrik asko guztioi, itzuliko azken bi etapa hauek berezi egin dituzuelako! Tropelean Euskal Herria eta euskal herritarrok bereziak garela nabarmen hedatu da, eta telebistaz bestalde munduan zehar ere antzekoa izan delakoan nago! Gozada bat izan da! Bihotz-bihotzez eskerrik asko!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo