KRITIKA Euskal Kostaldeko Maitaldia
Barbara Hendricksen kontzertu arrakastatsua
Maite IDIRIN I
Aurtengoarekin seigarren aldia du Barbara Hendricksek Euskal Kostaldeko Musikaldira etortzen. Lehen aldian, 1979an, Teresa Bergantza ordezkatzeko gonbidatu zuten. Orain aurrekoan, 2007an, berriz, Musikaldirako egokitutako Jai Alai pilotatokian jazz errezitaldia eskaini zigun suediar musikari talde baten laguntzarekin. Orduan bete egin zuen Jai Alai, eta atzokoan ere Donibane Lohizuneko eliza nagusia hirugarren balkoietaraino oso-osorik bete zen. Eskaini ziguna berriz kontzertu egitarau klasikoa izan zen.
Goetheren poemen gainean F. Schubertek konposatutako bost lieder eman zizkigun lehenik: “Suleika I eta II”, “Lied der Mignon”, “Der Musensonhn”, “Wandrers Nachtlied”, hain zuzen. Gustuarekin interpretatu zizkigun piano jotzailearen lan ona bitarteko zela.
Bigarrenik, G. Malheren “Lieder eines fahrenden Gesellen” (Bidaide erratu baten kantuak) deitu obra interpretatu zigun. Konpositoreak berak sortutako testu eta musika daramatza. Lau zatitan bereizten da obra. “Ging heut’morgens übers Felde” bigarrena, bereziki ederra aurkitu genuen. Halere, tesituraz beheregiak zirenez Barbararen ahotsarentzat, bularreko ahotsa erabili zuen maiz.
Lehen zatia bukatzeko Victor Hugo eta Goetheren bina poemen gainean F. Lisztek konposatutako lau lieder interpretatu zizkigun. V. Hugoren “Oh! quand je dors” (Lo egiten dudanean) bereziki ederra izanik, edertasunez interpretatua ere izan zen.
Pausaren ondotik “berritasun” bat eskaini zigun. Musika garaikideko konpositore bezala Adagio batengatik ezaguna den Samuel Barberen (1910-1981) obra gutxi erabili bat plazaratu baitzigun: “Hermit Songs, 29 opusa”, hain zuzen. VIII. eta XIII. mendeen arteko Irlandako testu batzuk erabiliz konposatutako hamar kantu txiki bezain bitxi kantatu zizkigun. Grazia askorekin interpretatu zituen piano jotzailearen konplizitatearekin.
Kontzertua amaitzeko Manuel de Fallaren “Siete canciones españolas” ospetsuak eskaini zizkigun. “Asturiana”, “Nana” eta “Canción” tituluak azpimarratuko nituzke eman zituen egokieragatik.
Publikoak, kantu klasikoan gehienetan ez jakintsua ageri zenak, esker onez txalotu zuen Barbara. Eta kantariak eskupekoak eskaini zituen bere errepertorio popularrena plazaratuz: Leo Delibesen “Les filles de Cadix” eta Schuberten “Ave Maria”. Gainera, jendea elizatik ateratzen hasia zenean, berak hain ongi kantatzen dituen beltz espiritual horietariko batekin eman zion amaiera kontzertuari.