GARA > Idatzia > Euskal Herria

EH Jaietan | Aretxabaleta

Baserritarrez jantzi eta Aretxabaletara, San Migel jaiak iritsi dira-eta herrira

Hemen dira sanmigelak. Gaurtik domekara bitartean, Aretxabaletan izango da zer ikusi eta zertaz gozatu. Makina bat kontu aurkituko ditugu Debagoieneko herri honetan. Azokak, herri kirolak, musika, dantza, herri bazkaria... denentzako moduko egitaraua prestatu dute. Jantzi baserritarrez eta kalera, Aretxabaletan badago-eta zer egin.

p018_f02.jpg

GARA |

Beste behin ere, eta udazkenarekin batera, iritsi dira sanmigelak, horrexegatik Aretxabaleta festan sartu da. Debagoieneko herri honetan gaurtik domekara arte ospatuko dituzte jai oparoak, eta urtez urte erakutsi duten bezala, izango dira disfrutatzeko makina bat aukera datozen egunetan, guztien gustukoa izateko moduko egitaraua prestatu baitute. Udalak mezu bat ere zabaldu du egitarauan: «Jarri ikurrina zuen balkoi eta leihoetan, eta irten kalera baserritar jantzita!»; beraz, denak kalera, badago-eta zertan disfrutatu datozen orduetan.

Egitarau oparoaren barnean, besteak beste, artisau feria eta XVII. Azoka Ekologikoa, herri bazkaria, herri kirolak, herriko musika taldeen kontzertuak eta mus txapelketa aurkituko ditugu. Berritasunetako bat, Arkupe kultur etxea gune nagusi izango duen I. Argazki Rally lehiaketa.

Gaur arratsaldean hasiko da festa sumatzen herrian. Leitza musika eskolako trikitilariekin batera erraldoiak eta buruhandiak ibiliko dira 18.00etatik aurrera. Ordu berean, luntxa eskainiko diete erretiratuei eta dantzaldi goxo batez gozatu ahal izango da Basotxon. Gauean herriko musika taldeek astinduko dute herria, Arlutzeko kantxan, No Hope, The Crackers eta Gazte Iraultza taldeen melodiak entzun ahal izango baitira.

Bihar, azokak barra-barra

Zapatuak luze joko du Aretxabaletan. Eguerdia bitartean, Durana kalean, artisau feria eta XVII. Azoka Ekologikoa izango dira. Horretaz gain, eta goiz-goizetik, txistulariek herritarrak esnatuko dituzte, eta trikitilariak batuko dira gero festara. Loraldi elkarteko Tril emakume taldeak antolatuta, talo txosna irekiko dute Pagaldai tabernan, 11.00etan hasita.

Eguerdian, Durana kalean, txalaparta eta joaldunak aurkituko ditugu. Festa pil-pilean dela, herri bazkaria egingo dute Iturrigorri frontoian, eta jendez gainezka egotea espero dute. Eta arratsaldean, musika eta dantza. Larrain dantza eta batukada erakustaldiak iragarri dituzte, azken hori, gazte ekimenak antolatuta. Gauean, Bide Batez musika taldearen kontzertua.

Domekan, batez ere, kirola nagusituko da. Aurreko eguneko ajeari aurre egiteko, eguerditik aurrera, herri-kirol saioak izango dira herriko plazan. Lau ataletan banatuta, erakustaldia egingo dute Ernesto Espeleta Bihurri, Hodei Ezpeleta, Jose Felix Zubizarreta, Julen Mendieta eta Alex Txikon aizkolariek. Ana Berasategi lasto eta ingude jasotzen arituko da, eta Idoia Etxeberriak harri desberdinen erakustaldia eskainiko du. Hirugarren atalean, norgehiagoka izango da bi hirukoteren artean; aizkora, trontza, txinga eramatea eta korrika lehia izango dute. Azkenik, motozerrarekin irudi bat egitea tokatuko zaie, eta Idoia Etxeberriak agurra egingo du bolarekin, amaiera ederra emateko saioari.

Arratsaldean, Maider Osak aurkeztuta, XIX. San Migel Mus txapelketa jokatuko dute herriko plazan. Izena ematea 15.15etik 15.45era izango da, 20 euroren truke. Amaitzean, garaikurra, txapela eta dirua jasoko dute lehenengo sailkatuek.

Herriko abesbatzaren emanaldi batek itxiko ditu etzi San Migel jaiak, hiru egunetako festari atsedena eman eta datorren urtera arte agurtuz. Festak, baita sanmigelak ere, agurtzen diren bezala itzultzen baitira.

Bihar egingo dute jaietako I. Argazki Rallya, aurtengo berrikuntza nagusia

Aretxabaletako I. Argazki Rallya antolatu dute Kultura Sailak eta Argazki Taldeak. Hitzordua bihar bertan izango da, eta izena ere orduan eman ahal izango dute parte-hartzaileek, Arkupen, 10:30-11:30 bitartean, eta orduan jakinaraziko dituzte gaiak. Izan ere, bost gai izango dituzte argazkiak ateratzeko, eta gai bakoitzeko argazki bana aurkeztu beharko dute lehiaketara.

Irabazleen izenak gaur zortzi argitaratuko dira, irailaren 30ean. Sariei dagokienez, 150 euro jasoko ditu bilduma onenaren saria jasotzen duenak. Bigarren eta hirugarren sarituek 100 eta 70 euro, hurrenez hurren. Argazki onena 50 eurorekin sarituko dute. Aurkeztutako argazkiak Aretxabaletako Argazki Artxiborako izango dira. GARA

borondatez

Jaietako egitarauan adierazi moduan, Aretxabaletako Udalak borondatezko alkoholemia kontrola egiteko aukera emango du. Gura duenak, bihar, Durana kalean aurkituko du, 00.30tik 03.00era bitartean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo