Mikel Jauregi | Kazetaria
Alkate jauna, beti bezain natural
Kasik amaituta neukan, baina Bilboko alkatearen hitzek zutabe hau goitik behera aldatzera behartu naute. Ezin izan diot tentazioari eutsi. Inork entzun edo irakurri ez baldin baditu, hona, bere jatorrizko hizkuntzan: «Bildu, desde el principio, ha estado detrás de Kukutza, alimentando este problema». Hori aurrena, eta dena ondo lotuta uzteko, beste hau gero: «Ha habido momentos de violencia que a mí me han recordado a la kale borroka, y ya sabemos de dónde sale todo eso».
Zertan ari da gizona? Bezperan Errekalden Ertzaintzak egindako triskantza zuritu nahi horretan, bere hiri-eredua defenditzeko ahaleginean eta gustuko ez duen oro ebidentzian uzteko asmotan, Auzitegi Nazionaleko sumariotzar horietako batean Guardia Zibilaren txostenetan irakurriko genukeen esaldi parea utzi du lasai askoan. Burua bero, eta mihia dantzan: ahobero.
Ez da Azkuna jauna halako putzuetan sartzen den lehen aldia. Zalea da txipli-txapla ibiltzen, hau busti eta hura ere bai. Katiuskak jantzita bera, lehor. Eta denerako du makila prest: EAEko hiriburuarena gogoangarria izan zen, Calatravarena ere makala ez, futbolarekin ere izan du bat edo beste, hiriko ustezko segurtasun faltarena eta gaizkileen jardunarena izango da akaso sonatuena -«¡guerra al navajero!», gogoratzen?-, eta abar. Beti hain natural, hain gertuko, hain «campechano».
Kukutza hustu eta botatzearen aldeko den beste ordezkari politiko batenak dira ondorengo esaldiok, Bilboko Udalean Alderdi Popularreko eledun den Cristina Ruizenak. Zeuk, irakurle, alderaketa sinple bat egin dezazun dakartzat lerro hauetara. Ondorioak zerorrek atera: «La Ertzaintza ha cumplido con su deber, mientras que los integrantes de Kukutza han mantenido su desafío hasta el final sabiendo que el desalojo era cuestión de días». «La ocupación no es nunca la solución». «Los miembros de Kukutza están obligados a cumplir la legalidad y las resoluciones de los jueces y a respetar algo básico como es la propiedad privada».
Iragarki sonatu hartan esaten zuten bezala: ikusazu, aldera ezazu eta ezer hoberik topatzen baduzu, erosazu.