Joxemari Carrere Zabala | Ipuin kontalaria
Bazen behin... Legution
Egungo gure jendarte modernoan, dauden aurrerapen teknologiko guztiekin, gezurra badirudi ere, mintzoaren garrantzia ez da galdu. Jendeak istorioak entzun nahi ditu; nahi du norbait entzun kondaira harrigarriak kontatzen
Mintzamenaren sortzea agian izaki humanoak izan duen eboluziorik garrantzitsuenetakoa izango da. Elkarren arteko komunikazioa pentsamenduaren gauzatze fisikora ekarri zuen aldaketak geroagoko gizateriaren eboluzioa markatuko du ezbairik gabe. Handik aurrera, hizkuntzak izango dira elkarren arteko komunikazio bide; baina, funtsean, komunikazioaren beharra, kontatzearen beharra, pertsonaren izaera konplexuaren alde garrantzitsua izango da. Kontatu behar horretatik sortuko ziren ipuinak, istorioak, kondairak, horiek guztiak etengabeko eboluzioan dauden kulturen ezaugarri nabarmena bilakatu zirelarik.
XIX. mendean, batez ere, Europan hasi zen ipuin zaharren biltzearen mugimendua, tokian tokiko kulturaren oinarrietako gisa hartu zen. Jakina, jendartearen zati handia analfabetoa izanik, ahoz ahoko kultur transmisioa nagusi zen, zeresanik ez hizkuntza ez ofizialen hiztunen artean. Euskal Herrian ere ipuin bilketak hasi ziren egiten, Iparraldean lehenengo (Cerquand, W. Webster...), geroago Hegoaldean (Azkue, Barandiaran...). Herri baten kulturan ipuinen garrantzia ez da besterik gabe kokatzen euren balio literario edo linguistikoetan; izan ere, horietan agertzen diren eta transmititzen diren munduaren ikuspegiek, balioek, ezagutzak, kultura horren ezaugarriak eta eboluzioa ulertzeko bideak ematen dituzte. Baina, ipuinak kontatzea bada jardun artistikoa ere, alegia, mintzamenaren erabilera modu sortzailean eta ederrean, esan gabe esatea, entzulearekin jolastea, irudimenaren eremuetan barneratzea. Jendarte tradizionalean ipuin kontaketaren balioa eboluzionatzen joan da, jakina, jendartearekin berarekin batera, baina istorio bat entzuteko une garrantzitsu horren balioa galdu gabe. Badiote Jainkoak pertsonak egin zituela istorioak entzun nahi zituelako, hain baita berezia jardun hori. Agian horregatik beti egon izan dira pertsona batzuk jardun hori ofizio bihurtu izan dutenak, herriz herri istorioak eskaintzen, ez bakarrik kultur transmisio gisa, baita lanbide gisa ere, artista sortzaile moduan; antzerkian, kantuan edo margolaritzan bezala.
Egungo gure jendarte modernoan, bere aurrerapen teknologiko guztiekin, gezurra badirudi ere, mintzoaren garrantzia ez da galdu. Jendeak istorioak entzun nahi ditu; nahi du norbait entzun kondaira harrigarriak kontatzen. Egunerokotasunaren abiaduratik at, arnasa hartzeko astia hartu eta bere irudimena ipuin liluragarri batean galdu. Izan ere, bestearen ahotsetik kontakizun eder bat jasotzeak, agian, gure izaera humanoaren kontzientzia ekarriko digu. Beharbada, horretan dago ahoz gora emandako ipuin baten balioa. Eta tradiziotik datorkigun jardun honek badu segida egun. Jende askok haurren kontua dela pentsatu arren, gero eta gehiago dira ipuin kontaketak helduentzat jasotzen dituzten espazioak. Ipuinen zabalkundea folkloristen eskuetatik kontalarien ahora pasa da. Kontalaritza sutondotik eszenara pasa da eta arte eszenikoen mundura salto egin. Eta Europan orain bi hamarkadatik gora zabaltzen ari den ipuin kontalaritza mugimenduaren bidetik ari gara euskal kontalariok. Hasieran arrunt gutxi baziren, bizpahiru baino ez, gaur egun ipuin kontalariak Euskal Herriko hainbat liburutegi, kultur etxe eta antzokitan ikus daitezke. Gure mugetatik kanpo ere euskal kontalaritzak badu presentzia, Europan barrena ibili ez ezik, beste kontinenteetara ere jauzi eginez, euskal tradizioaren ipuinak zein berriak eramanaz.
Horren guztiaren errealitatea euskal jendartera eraman nahian, orain sei urte Euskal Kontalarion Festa antolatzen hasi zen Kontalariak Elkarteak. Hitzaren festa herriz herri eraman, kontalari ezberdinek euren istorioak eskainiz. Aurten Arabako Legutioko txokoetan arituko gara, ipuinak kontatzea aspaldiko ohitura ez ezik, gaur egun ere bizirik dirauela erakusteko. Ipuinak adin guztietako pertsonentzat direla frogatzeko. Izaera humanoak istorioak gustukoak dituelako, baina batez ere beharrezkoa duelako bestearen ahotik gertaera liluragarriak entzutea. Legutio ipuin kontatuaren hiriburua izango da aurten.