59 DONOSTIA ZINEMALDIA
zein zaila den film bat saltzea...
Donostiako Zinemaldian filmak ikusteaz gain gauza gehiago ere egiten dira. Zinemaren industria barruko mugimendu handia izaten da bertan, eta antolatutako ekintzen artean, proiektuen salmenta saioak ere izaten dira. Maitena Muruzabal eta Daniel Mediavillarekin izan ginen atzo «Blue lips» proiektuaren salmenta prozesuan.
Maddalen LARRINAGA
Film baten ideia izan eta hori burutu arteko bidea luzea eta irristakorra da, amildegitik behera erortzeko arriskua bertan baitago uneoro. Alde asko izan behar dira kontuan, eta horietako bat finantziazioa izaten da, agian zailena dena. Dirua lortzeko hainbat bide izaten dira, eta horietako bat Zinemaldian antolatu den Tareula koprodukzio foroa da. Bertan hamaika proiektu aurkeztu zituzten atzo ekoizle, banatzaile eta finantzari ezberdinen aurrean.
Proiektu horien artean, «Blue lips» filma aurkeztu zuen Cronopia films ekoiztetxe iruindarrak. Munduko sei hiritan (Rio de Janeiro, Los Angeles, Honolulu, Buenos Aires, Roma eta Iruñea) sei pertsonaia ezberdinek ezbehar bat sufrituko dute, galduta geldituz. Egoera horretan Iruñera joango dira guztiak arrazoi ezberdinak direla-eta San Fermin jaietara. Bertan beren buruari aurre egin, eta birjaio egin beharko dira.
Oraingoz film proiektua da soilik, eta finantziazio bila etorri ziren Donostiara Maitena Muruzabal ekoizlea eta Daniel Mediavilla gidoilaria. Salmenta horretarako lehenbizi proiektua argitu eta ikertu egin behar da. Foro honen barruan, tailer bat antolatu zuten asteazkenean ikerketa hori egiten eta aurkezpena prestatzen laguntzeko. «Tailerrean aurkezpena egiteko pista batzuk eman zizkiguten. `Honek ez du interesik, edo puntu hau indartu beharko zenukete...' eta halako laguntza eman ziguten. Aurkezpen guztiak entseatu genituen eta guztien artean prestatu eta hobetu genituen bakoitzarenak», azaldu zuen Maitena Muruzabalek.
«Gure proiektua ez da oso ohikoa eta esperimentatu egin nahi dugu horrekin. Horregatik, beldurra eman diela uste dut», esan zuen Muruzabalek aurkezpena egin ostean. Izan ere, bertan ziren industriako kideek ez zuten oso begi onez ikusi «Blue lips».
Hala ere, kontuan hartu behar da, halako foroetan ez dela oso ohikoa proiektu bat zuzenean saltzea. «Foro hauek balio izan dezakete, baina egia esan, normalean ez duzu kontraturik sinatuko foro honen ondoren. Gure proiektuak profesionalengan sortzen duen irudia ikusteko balio izan digu guri, erreakzioa ikusteko, eta hori aprobetxatuz, gure bidea erabakitzeko aukera izango dugu», aitortu zuen iruindarrak. «Harremanak hasteko ere erabiltzen da, eta agian beste proiektu batekiko interesa eduki lezakeen beste norbait ezagutzeko aukera ere ematen dizute halako foroek».
Hala, aurkezpen motzak egin behar dira, proiektu bakoitzak hamar edo hamabost minutu ditu ikusleen interesa pizteko eta dena argi uzteko. Azken puntu hori ordea, ez da maiz betetzen. Normalean azalpenaren ondoren, bezero izan litezkeen horien galderak sortzen dira eta erantzun sinesgarri eta zehatzak ematea ez zaie oso erraza gertatzen hizlariei. Urduritasunak eta ustekabeko galderek egoera asko oker dezakete interesa txostenaren orrietan utziaz.
Beste alde batetik, zinemak eskaintzen dituen filmak modaren araberakoak izaten dira askotan, eta hori ere kontuan hartu behar izaten da. «Espainia mailan gaur egun telesail arrakastatsuenetako bat `El Barco' da eta bere gidoia lotsagarria da niretzat, edo `Manolo y Benito' bere garaian. Arrakasta izateak ez du esan nahi proiektua ona dela. Saltzeko modukoa izatea ez doa kalitatearekin lotuta beti. Gure proiektua berezia da eta horrek zailagoa egiten du salmenta», esan zuen Mediavillak.
Dena den, finantziazioa lortzeko bide independenteagoak ere badaudenez, bide horretatik joko dute iruindar gazte hauek.