GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

«Gutunak Europatik», etorkinen alabek sufritzen duten diskriminazioaren erakusgarri

Zinemako irudiek hartu dute Donostia, baina hauetaz gain, bada bertzelako argazki interesgarririk. Europako etorkinen alaben diskriminazioa agertzen duen Koldo Mitxelenako erakusketakoak, adibidez.

p047_f02_2.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Koldo Mitxelenako «Gutunak Europatik» ez da erakusketa soila, Neskak Gora proiektuaren barrenean dagoelako, Daphne programan. Hau Europar Batasunak finantzatzen du, Europan bizi diren ipar Afrikako eta Asiako hegoaldeko etorkinen alabek jasaten duten indarkeria eta diskriminazioa saihesteko.

Maggy Barrere Neskak Gora proiektuaren zuzendaria da, eta atzoko aurkezpenean azaldu zuenez, sei herrialdetako jende anitz ari da lanean; alde batetik, ikerketan, ikuspuntu soziologikotik, antropologikotik eta juridikotik; eta bertzetik, erakusketa honekin bezala informazioa jendearengana zabaltzen. Iragarri zuenez, gaur arratsaldeko seietan konferentzia bat eginen dute kulturuneko Areto Nagusian, emaitzak eta hausnarketak herritarrei agertzeko. Ondotik, zazpietan, erakusketa osatu duten sei argazkilariekin mahai-ingurua izanen da, eta azkenik, zortzietan, inaugurazioa.

Indarkeria sotilagoa

Danimarka, Estatu espainola eta frantsesa, Holanda, Italia eta Britainia Handia; sei herrialdeotakoak dira erakusketako protagonista gazteak, baita argazkilariak ere: Boudewijn Bollmann, Peter Dench, Johann Rousselot, Carsten Snejbjerg eta Marta Soul. Hauek toki ezberdinetakoak izanagatik emakume gazte eta nerabe hauek dituzten ezaugarri bereziak jaso dituzte.

Jasaten dituzten indarkeria mota batzuk ezagunak dira: behartutako ezkontzak, ohorearekin lotutako krimenak... Baina Barrerek nabarmendu zuenez, badira forma sotilagoak eta horiek erakutsi nahi dituzte. Ikerketa eskolan egin dute, prebentzioa lantzeko leku egokia delako eta diskriminazio mota anitz agertzen direlako bertan. Adibidez, ikasle batzuek ezin izaten dute igerilekura joan, ezta kirol edo sexualitate klaseetara ere. Susmatzen zuten badirela beste indarkeria mota batzuk, salatzen ez direnak, eta ikerketak baieztatu egin die ideia hori. Orain, liburuxkak aterako dituzte, artikuluak idatzi, argitalpen batean bilduko dituzte ikuspuntu guztiak... Produktu ugarirekin saiatuko dira helburua lortzen.

Fitxa

Lekua: Koldo Mitxelenako Ganbara, hirugarren pisuan.

Data: Gaur, 20.00etan, inauguratuko dute erakusketa eta urriaren 8ra arte egonen da zabalik.

Ordutegia: Asteartetik larunbatera, 11.00-14.00/ 16.00-20.00.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo