GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

HNTren inurri-lanak aurrera jarraitzen du

Euskal Herrian gehiengo zabal batek nahi du Sortu alderdia legeztatzea. Alderdi horren ideia eta helburuekin bat etorri zein ez, gehienek uste dute legeztatze hori onuragarria izango litzatekeela normalizazio politikorako. Euskal herritar gehienek uste dute, halaber, parte guztiek aitortu beharko luketela indarkeriaren biktima guztien sufrimendua. Horrelako uste zabalek, ordea, zenbaiten interes alderdikoiekin, eta are estatu interesekin, talka egiten dute. Baina uste horiek adituen ahotik entzunda, uste zuzenak direla pentsatzeko arrazoi handiagoa dago, gatazka gordinetako esperientzia metatzen duten Harremanetarako Nazioarteko Taldeko (HNT) kideek kanpotik ikusi eta aztertzen baitute gatazka. Zenbait politikari eta hedabide saiatu izan dira haien lana ez ezik, haien izen ona ere zikintzen, baina oso zaila zuten aditu horien ibilbideak eman dien prestigioa desagerraraztea, eta eurak geratu dira nabarmen. Atzo, normalizazio politikoa sustatu eta errazten jarraitzeko egunotan Donostian egin dituzten bileren berri eman zuen HNTk. Bileretan, biktimen eta alderdiak legeztatzearen inguruko gaiez gainera, «Bateragune auziko» ebazpena izan du hizpide eta etsigarritzat jo zuen HNTk ebazpen hori. Oztopoak oztopo, lanean jarraitzen dute beren inurri-lanean, isilean, herri baten esperantzarekin bat eginda. Eta lan isil eta etengabe horrek bere fruituak emango ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo