Kronika | elkartasun soziala senperen
Bere etxetik kanporatua izan ostean, berriz «okupatu» du
Ate ederra irekitzean 15 langileak eta etxearen jabea bertara sartu ziren, etxea okupatu eta bertan bizi ziren «iruzurgileak» kanporatzeko. «Okupatzaile» guztiak etxe horretan dagoen zerbaiten jabe edo egile dira.
Idoia ERASO
Etxe megalomanoan Jose Darquy abokatu ohia bizi zela azaldu zuen Jean-Yves Beotegi zurginak. Sarrerako atea egin zuen Beotegiren emazteak erran zuenez, Senpereko jendeaz baliatzen ari zen «iruzurgile» horren kontra borrokatzea deliberatu zuten. «Emazte zaharra bere etxetik kanporatua izan da, artisauak ez dira pagatuak izan, legea gure alde baitugu ekintza hau egitea deliberatu dugu».
Erretegia izeneko etxea berarena dela azaldu zuen Isabelle Iciaga beldurtuak. Ulertzen ez zituen paperak sinaraziz, ospitaletik bueltatzean etxerik gabe aurkitu zen eta anaiaren etxen bizi da. Oraingoan artisauek lagundurik eta bere eskubideen berri izanik, Erretegia okupatu eta bertan bizitzera geldituko da, egun batzuez behintzat.
Artisauek Iciaga egongeletako batean esertzen lagundu ondoren, emakume «okupatzaile» baten ahotsa entzun zen: «Hau nirea da, eta hau ere bai!». Abokatuaren gomendioz altzari gordailu batean utzi zituen altzari aberats guztiak atzeman zituen emakumeak. Lapurretaren ikerketa irekia izanik jendarmeak deitu zituzten orduan.
Abokatuarekin zegoen emakumea kanporatua ez izateko Beotegiren emakumearen kontra irainka eta kolpeka hasi zen, ondoren kanporatu egin zuten.
Bitartean terrazan oinutsik zegoen Derguyk ez zuen hitz bat ere egin. Etxetik kanpo hurbil bizi den anaia deitu omen zuen Derguyk eta azken hau kanporatuen bila etorri zen.
Jendarmeak ailegatzean altzarien jabeak etxearen itzulia egin zuen beraiekin bere altzariak zerrendatuz.