GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Buruak altxatzeko ez da jardunaldirik aproposena

Biarritzek Perpinya hartuko du Agileran, eta Avironek Clermont liderraren zelaian jokatuko du.

Jon LEUNDA

Biarritzek eta Avironek ez dituzte buruak altxatzen hasteko aurkaririk onenak izango. Zuri-gorriek Perpinya hartuko dute Agileran, eta zuri-urdinek, aldiz, Clermonten zelaira egingo dute bisita. Bi partidak 20.00etatik aurrera jokatuko dira.

Biarritzen egoera benetan kezkatzekoa da, Liga hasiera oso txarra egin baitu. Agilerara doazenek ez dute gogoratu ere egiten inoiz halako gaizki hasi izana. Sailkapeneko azken postuan dago, eta hori ere berria da, lapurtarrak ez baitaude beheko postu horietan egotera ohituta.

Jokatutako lau partidetatik berdinketa bakarra lortu dute, eta beste hirurak, berriz, galdu egin dituzte. Okerrena, ez da ordea, emaitza txarrak lortzea, ematen duten itxura baizik. Oso gaizki ari dira, eta garaipena lortzeko itxurarik ere ez dute.

Erasoan ez dute minik egiten, entsegu marrara gerturatzea asko kostatzen zaie, eta ostikoekin ere ez dabiltza oso fin. Beraz, dena batuz gero, hauxe da dagoena. Egia da Harinordokiren, Ngwenyaren eta Yachviliren hutsuneak asko ari direla nabaritzen, baina Frantziak bere helburuak betetzen baldin baditu, beste hilabete batean horrela aritu beharko dute, eta haiek itzulitakoan mailari eustea izan beharko da helburua, gauzak aldatzen ez baldin badira.

Perpinyak hasiera ona izan du. Lehen lau partidetatik hiru irabazi eta bakarra galdu du, horrela, sailkapeneko hirugarren postuan dago 12 punturekin. Kataluniarrak, beraz, saiatuko dira euskaldunen urduritasunaz eta gabeziez ederki baliatzen.

Berdintsu

Avironek Ligari hasiera ona eman zion, baina Stade Toulosain menderatu zuenetik, beren maila asko jaitsi da, eta ordutik Biarritzen bide bera darama. Gaur oso aurkari txarra izango dute aurrean, Clermoten zelaian jokatuko baitute. Frantziarrak sailkapeneko lehen postuan daude jokatutako lau partidak irabazita, eta ematen ari diren itxura ere bikaina da. Haiek ere badituzte jokalariak Munduko Txapelketan, baina ez dira horrenbeste nabaritzen ari.

Baionarrek azkeneko neurketetan huts dezente egin dituzte atzealdean, eta hori konpontzen ahalegindu beharko dute, alde horretatik minik har ez dezaten.

Gaurko egoera ez da oso egokia bi euskal taldeentzat; izan ere, biek galtzen badituzte beren norgehiagokak, gerta daiteke biak sailkapeneko azken bi postuetan jartzea. Biarritzek irabazten ez badu, dagoen lekuan jarraituko du, eta baionarrek ere gauza bera egiten badute, jaitsierako postuan sartzeko arrisku handia izango dute, atzetik datozen talderen batek irabazten baldin badu. Esnatu beharra daukate bi talde lapurtarrek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo