GARA > Idatzia > Ekonomia

«Laborantza sinplifikatua» eta euskal gari irina, EHLGren egitasmo berriak

Euskal Herriko Laborantza Ganberak nekazaritza iraunkorra eta hurbilekoa garatzeko egitasmo berriak ezarri ditu. Eremu oso zabalak landu ditu: ereiteko modu berria, euskal garia ekoizteko sarea eta axuriari eta laborantza iraunkorrari buruzko gogoeten aurkezpena.

p024_f01.jpg

Idoia ERASO |

Euskal Herriko laborantzari eremu eta lan modu ezberdinak proposatzeko lanean aitzina segitzen du Laborantza Ganberak. Hurrengo hilabeteei begira, arlo oso ezberdinekin zerikusia duten hainbat proiektu landuko ditu.

Ogia egiteko baliagarria litzatekeen irin ekoizleen sare bat sortzeko ekimenak oso aurreratuak daude. Helburu horrekin eta, zehazki, «euskal irina» izena lukeen produktua sortzeko asmoz elkarlanean hasi dira nekazari, iringile eta okinak.

Uztaritzen errota duen Nicole Auroy Laborantza Ganberarekin harremanetan jarri zen Euskal Herrian landatutako gariarekin ogia egiteko baliagarria den irina ekoizteko helburuarekin. EHLGk, bertako produktuen garapenerako xede horretan, egitasmoa bultzatu zuen zenbait laborariren artean. Duela bi urte hasi ziren bertako zenbait nekazari garia jorratzen, eta okindegietan erabiltzeko garia ari dira lortzen. Gaur egun irin horrek izango dituen ezaugarrien zerrenda ari dira osatzen.

Lurra lantzeko modu sinplea

«Lurra lantzeko modu berri bat da `laborantza teknika sinplifikatua', lurrari bere mozkina emanaraztea, ahalik eta gutxien landuz», azaldu zuen EHLGko presidente Michel Berhokoirigoinek. Esperimentazio fasean dagoen teknika horri buruzko bi eguneko prestakuntza ikastaroa eskaini du Ganberak.

Beñat Molimos Laborantza Ganberako kideak horren abantailak azaldu zituen: «Lurra ahalik eta gutxien landuta, energia eta lansaria aurrezten dira, lurraren balio agronomikoa ere zainduz». Teknika horretan Ganberak erreferente izan nahi du, interesatuak diren laborariei formazioa eskaini ahal izateko.

Gogoeta guneak ere landuko ditu EHLGk. Lehena Saran izango da urriaren 7an, axuriari buruz. Bidasoren bi aldeetatik hurbildutako abeltzainak EHUk egindako ikerketaren berri eman eta horri buruz eztabaidatu ahal izanen dute. «Lan bilkura eginen dugu ekoizleen artean, elkarrekin lanean aritzeko beharra dagoen zehazteko», adierazi zuen Ganberako koordinatzaile Iker Elosegik.

Urriaren 18an Ainhize Monjolosen laborantza iraunkorrari buruzko azterlana aurkeztuko dute. Erreferentzia teorizatua landu ondoren EHLGk Ipar Euskal Herriko 30 etxaldetan egindako azterketaren berri emango du, beren jokamoldea eta garapena aztertuz.

Euskal irina

Euskal Herriko zenbait okin, pastelgile eta gailetagile interes bizia agertu dute, euskal gariarekin egindako irina ekoiztea lortzen bada, horren araberako produktuak sortzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo