Ariane Kamio Kazetaria
Egunari amets usaina dario
Igandea, gaueko hamarrak. «Eusko Jaurlaritzak dio, dirurik ez dagoela, baina ze kasualidade, guria falta zaiela, baina...»; Gozategi anaiak ETB 1en. 90eko hamarkadan lortutako arrakastari buruzko errepasoa, baita Lakuako Gobernuaren aurka eta Ertzaintzak erositako helikoptero haren kontra sortutako letren eguneraketa ere.
Gaur egun zilegi litzateke euskal talde batek halako kantuak egitea? Nekez sinets dezaket Rodolfo Ares lotsagarri utziko lukeen talderen bat zentsu- ratik libre geratu litekeenik egunotan, baita bakarren bat pauso hori ematera ausartuko litzatekeenik ere.
Igandea, gaueko hamaikak. Lluis Llach TVE 1en. Frankismo garaiko sortzailerik borrokalarienetakoa, subiranista kataluniarra eta langile mugimenduarekin konpromiso irmoa erakutsi izan duen musikaria. 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako hilketak ditu dokumentalak oinarri. Llachen adierazpenak eta garaiko euskal sindikalista bakan batzuen hitzak harilkatzen dira. Atsekabea eta nostalgia eragiten dituen atzera begirakoa. Gehiegitxo ordu horietarako.
Astelehena, goizaldeko hamabi eta erdiak. Buruz gora, ohean etzanda, etorkizuneko telebista irudikatzera jolastu naiz, akaso egunen batean sortuko den EHTB izango litzatekeen hori. Gozategi anaiak oraindik oholtza gainean (nork daki) eta Lluis Llach etxeko egongelan ikusi ditut. Telebistan, Arnaldo Otegiri elkarrizketa. Hamar urteko espetxealdiaren ondoren zaharrago irudikatu du nire imaginarioak, baina oraindik aurrera egiteko gogoa nabari zaio bere hitzetan. Bakearen Nobel saria jasotzen ere irudikatu dut beste jauzi batean, Nelson Mandelari keinu egiten dion hitzaldiari ahotsa jartzen. Seme-alabak ere begi bistan ditut, baita aiton-amonak ere. Eta geure buruari so jarri natzaio; zutik ikusi ditut denak, aspaldidanik desio izan dugun bizitzarik normalena egiten. Amonaren lo kantak iritsi zaizkit belarri ondora, betikoak, eta hura agertu zait ohearen ertzean eserita. Lo hartzeko esan dit berak, bihar ere beharko dugulako nork zer irudikatua, eta nork zer egina. Egunari amets usaina dario.