GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Jasone Mitxeltorena Ozkaritz Auzolan ekimeneko partaidea

Auzolana gure kulturan

Gizarte egitura komunitarioak izan dira gure antolakuntzaren oinarria, eta horrek, halaber, inguruarekin ditugun elkartasunezko harremanak eratu ditu

Auzolana euskal gizarte historikoaren lan-sistema dela abiapuntutzat hartuta, auzolanean aritu izan den eta aritzen den jendarteari buruzko hausnarketa eskaini nahi dugu hemen.

Antzinako garaietatik gure egunetaraino ailegatu da lanean aritzeko modu hori. Historikoki, herrietako azpiegiturak eraiki, zaindu eta moldatzeko egin izan da, eta hala egiten da oraindik ere herri aunitzetan. Pentsa liteke bertze gisa lan horiek egiteko aukerarik ez dagoenetan jotzen dela auzolanera; baina lan egiteko eta inguruarekin harremanak izateko jokamolde jakin bat da auzolana, eta beraz, bere balioa behar jakin batzuk asetzetik haratago doa.

Auzolana gure burua ulertzeko eta gure bizimodua eratzeko moduarekin lotuta dago. Talde garela sentitzeak, gure beharrak asetzeko talde-lanean aritzeak ematen duen aukeraz ohartzeak, taldean arituz gainerako kideekin ditugun harremanak zein aberasgarriak diren aintzat hartzeak eta gure eginbeharrak guk geuk egiteak ematen duen atsegina ezagutzeak ezaugarritzen dute auzolana.

Lan sistema hau berezia da kideen arteko berdintasunean oinarritzen delako, elkartasunaren balioa indarrean dagoelako, autoeratzeko aukera ematen duelako eta oro har, egungo gizarte ereduan indarrean dauden balioetatik ezberdinak direnak bizitzen direlako. Bertze modu batean beharrak asetzea ezinezkoa den kasuetan auzolana berebizikoa gertatzen da, eta hor ageri zaigu lan sistema honen ahalmena. Hainbat herritako oinarrizko azpiegiturak auzolanean egin direla eta behar material horietatik haratago doazen ekimenak ere auzolanean ageri zaigun konpromiso kolektiboari esker sortu eta eraiki direla aintzat hartzekoa da: Euskal irakaskuntza, euskal kultura, euskara bera, gazte mugimendua, herri eta auzoetako bestak... horiek gaur egun bizirik badaude, herri maila gainditzen duten auzolan erraldoiei esker izan da.

Antzinako garaietatik XXI. menderaino herri gisa bizirik irautea lortu dugu, eta hori, hein handi batean, herri gisa ditugun kultur ezaugarriei esker izan da. Gizarte egitura komunitarioak izan dira gure antolakuntzaren oinarria, eta horrek, halaber, gure inguruarekin ditugun elkartasunezko harremanak eratu ditu. Mendez mende izandako bilakaeraz ohartuz, euskal jendarteak unean uneko erronkei erantzuteko gaitasun handia izan duela erratea zilegi zaigu.

Gaur egun, auzolana ezaugarritzen duen konpromiso kolektiboa gizarteko sektore zabal batengan antzematen dugu. Bizi ditugun garai ezegonkor eta zail hauetan ere, berebizikoa izanen da horri eustea, eta kolektiboki autoeratzea; orain arteko erronkei aitzin egiteko baliagarri izan zaigun moduan, datozenei ere modu egokian erantzuteko.

Hori dela eta, guk auzolanari duen balioa aitortu nahi izan diogu, Auzolanaren Kultura liburuan gogoeta hauek eta bertze batzuk jasoz. Asteburu honetan Usurbilen eginen diren Auzolan Topaketetan plazaratuko dugu liburua, eta beraz, horietan parte hartzeko deia egiten dizuegu hemendik. www.auzolan.info gunean izanen duzue horien berri.

Gure ekarpena xumea da, baina arbasoengandik jaso dugun ondare hori aintzat hartzeko eta herri gisa izan badugun ahalmena indar bilakatzeko gogo-piztaile izatea espero dugu. Auzolanean posiblea da!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo