Hezkuntza, administrazioen hipokrisiaren isla
Atzo Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan egin zuten greba orokor arrakastatsua Euskal Herri osoan hezkuntzaren egoera gero eta eskasagoak sortu duen kezkaren isla izan zen. Atzoko mobilizazioan, Estatu frantseseko Hezkuntza Ministerioaren murrizketa politikak hezkuntza publikoa hunkitzen badu ere, hezkuntza pribatuko langile anitzek ere bat egin zuten sindikatuen deialdiarekin. Nabarmentzekoa da Baionan izan zen manifestazio handian blokerik jendetsuena LAB sindikatuarena izan zela, Estatu frantseseko hezkuntzaren egoera larria Ipar Euskal Herrian are larriagoa den adierazgarri. Izan ere, euskal ikastetxeetan oraingo murrizketei euskararen irakaskuntzarako baliabideen ohiko murrizketa gehitu behar zaie, hots, euskarazko hezkuntzaren ohiko egoera eskasa; horretaz den bezainbatean, Ipar Euskal Herriko hezkuntza beti eta beti baita krisian.
Krisialdian inoiz baino hobeki atzematen dira boterearen kontraesanak, eta inoiz baino hobeki, boteredunen hipokrisia. Kasu honetan, hezkuntzaren garrantzia azpimarratzen dutenen baina murrizketak egiteko orduan garrantzi gutxien balu bezala tratatzen dutenen hipokrisia. Euskal Herrian diren administrazio guztiek aise bereganatzen dute kalitatezko hezkuntza publikoa aldarrikatzen duen diskurtsoa, baina erraztasun berberarekin lerratzen dira hura hutsaren hurrengo egiten duten politiketara.