GARA > Idatzia > Kultura

Haizea BARCENILLA | Arte komisarioa

«Don't do it yourself»

Kukutza III.ak borroka galdu du. Eta berarekin, Errekalde auzo guztiak, eta Bilbo hiri osoak. Tamalgarria izan da, lehen egunetik, gaia kudeatzeko Udalak egin duena. Erakutsi dute, politikan ohi den bezala, udaletxean daudenek «beren jendearentzako» egiten dutela lan. Bilbotarrei hitz egiten dienean, bozak eta dirua eskain dezaketenekin ari da Azkuna.

Horretaz gain, azken urteotan Bilbon garbiki azaleratzen ari den beste ezaugarri bat ere nabarmendu da, beste Euskal Herriko hirietan ere indartuz doana halaber: kulturaren irudiaren ofizialtze eta homogeneizatzea. Krisiaren aitzakiaz eta frustrazio eta negatibotasun orokorrak lagunduta, alderdirik kontserbadoreenak kulturaren gaineko aginte osoa hartzen ari dira, gero, ondo datorkienean eta opari moduan, herritarrei eskaintzeko. Kultura horrek hipermodernoa, lobotomizatua, garestia, monumentala, gainazalekoa, komertziala eta masiboa izan behar du, kontsumitzaileek (eta ez erabiltzaile edo eragileek) aldi berean hurbil sentitu eta praktikan urrun izateko. Kultura horretan, aginteak ezartzen ditu ordutegiak, lekuak eta gaiak, eta jendea puntualki doa ikuslearen papera betetzera.

Kultura horretan ez dago low-cost edo do it yourself: dena eginda dago jada, eta dena da distiratsua. Garrantzitsuena delako zuk, ikusle bezala, antolatzeko eta kritikatzeko gogorik ez garatzea, eta kultura estaltzeko eraiki den pseudokulturaren murrua begiratu eta eder aurkitzea.

Aspaldi kritikatzen da kultur politiken manipulazio eta erabilera zatarra. Kukutza adibide bat da, baina egoera aldatzen ez bada, laster ez da azkena izango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo