GARA > Idatzia > Kultura

Kutxa Kultur Modak erakusleiho erakargarria eta kalitatezkoa eskainiko die gazte diseinatzaileei

Gazteenei, hazten ari direnei, laguntzeko asmoz sortu zen Kutxa Kultur Moda plataforma iaz, eta aurten marka eta desfile gehiagorekin eginen dute ekimena urriaren 7tik 9ra, Donostiako Errege Katolikoetan.

p042_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

«Zein hau baino leku hobea diseinatzaile gazteen bigarren erakustaldia aurkezteko», adierazi zuen Iñaki Altuna sustatzaileak, atzo Kutxaren Boulevard Aretoetan, Cristobal Balenciagaren soinekoen irudien artean emandako prentsaurrekoan. Kutxa Kultur Moda urriaren 7tik 9ra eginen dute, Donostiako Artzain Onaren katedralaren inguruan, Errege Katolikoak kalean jarriko duten karpa handian.

Bertan, espazio ireki bat prestatuko dute publiko guztiarentzat, eta modaz gain, bertze hainbat diziplina hartuko dituzte barrenean: musika, emakumezko Dj-ak, umeei arkitektura eta moda hurbiltzeko lantegiak, argazkilari hasiberrientzako argazki saioak...

Gazte diseinatzaileek euren lanak modu erakargarrian eta kalitate maila altuarekin erakuts ditzaten, pasarelak eta estandak egokituko dituzte. Eta hiru egunetan, desfileak izanen dira gaueko zortzietatik aitzinera, doan, nahi duten ikusle guztiek gozatu eta proposamen berriak ezagutu ditzaten.

Eva Rivera arduradunak jakinarazi zuenez, moda diseinatzaile hasiberrientzako plataforma honek bi helburu ditu: «Kalitatezko erakustaldi bat sortzea eta publiko zabalarekin eta orokorrarekin harremanetan jartzea». Aurten hogei markak parte hartuko dute eta horietatik hamalauk ibiltokietan erakutsiko dituzte jantzi eta osagarririk eder eta iradokitzaileenak.

Ezuste atsegina

Sortzaileei buruz galdetuta, antolatzaileek agertu zuten «ezuste atsegina» hartu dutela diseinatzaile berri ugari ari direlako azaltzen. «Printzipioz gipuzkoarrentzat sortu genuen plataforma, baina ez diogu aterik itxiko kanpotik datorren inori», argitu zuten. Gehienak Gipuzkoakoak dira, baina kanpoan bizi den jendea ere etorri da espreski proiektu honetara.

Joan den urteko Kultur Moda hagitz arrakastatsua izan zen; bai artistak eta bai ikusleak kontent gelditu ziren, eta lehenbiziko edizio hartako publikoaren eta kritikaren babesarekin, oraingoan ere erakusleiho polita eskaintzea espero dute.

Ibiltokietan desfilatuko duten marken artean daude LeTitare, Irati Guarretxenarena; Masamargo, Gorane Perezena; eta Agurital, Isabel Arroyaberena. «Jostorratza eta haria eskuetan hartuta, paperean marraztutako zirriborroei zentzua ematen saiatzen naiz», azaldu zuen Guarretxenak. Arteak, diseinuak eta modak erakarrita, Euskal Herrira itzuli zen Bartzelonan diseinuko ikasketak bukatu eta gero, eta proiektu pertsonal honetan lanean aritu da orduz geroztik. «LeTitare egungo modaren alternatiba bat da, urrundu egiten da zentzurik gabeko joeretatik».

Perez honela mintzatu zen bere sorkuntzei buruz: «Jantzi berdingabeak eta originalak egiten saiatzen naiz, eta patroiak nahiz joste lanak kalitate bikaina edukitzea gustatzen zait. Modaren historiatik hartzen dut inspirazioa, baita ingelesezko fantasiazko zinema lanetatik ere». Arroyabek, aldiz, patroi errazak eta eguneroko jantziak oinarri hartuta, funtsean jantzi eta osagarri bereziak sortzen dituela agertu zuen. «Abangoardia eta artisautza bateratzen ditut».

Haizea, Leire Laparra, Estibaliz de Cristobal, Numero 9, Ilazki, Recycling by Benedetta C, Ali de Bali, Elena Silvestre, Nerea Lurgain, Elena Gallego eta Iraia Oiartzabal ere ibiltokietan izanen dira.

Fitxa

Lekua: Donostiako Errege Katolikoak kalea, Artzain Onaren katedralaren inguruan.

Data: Datorren urriaren 7tik 9ra.

Ekintzak: Ibiltokia, haurrentzako tailerrak, Dj saioak... Desfileak 20.00etan hasiko dira.

Sarrera: Dohainik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo