Kafe Bilbaon saritutako antzerki gidoi laburrak argitaratu dituzte
Nerea GOTI | BILBAO
Artezblai argitaletxearen eta Kafe Bar Bilbaoren ekimenez, 18 antzerki gidoi laburrak publikatu berri dira liburu bitan. Hain zuzen ere, Bilboko Plaza Barriko kafetegi ezagunak zortzi ediziotan saritutako lanak dira.
Liburu batean euskaraz idatzitako lanak daude. Besteak beste, Galder Perez, Aizpea Goenaga eta Pako Aristi daude egileen artean, eta saritutako eta argitaratutako gaztelaniazko lanen artean Amaia Vega, Joseba Macias eta Victor Uriarterenak daude.
Bai Kafe Bar Bilbaoko arduradunek zein Artezblai argitaletxekoek honelako ekimenen garrantzia nabarmendu zuten atzo liburu bien aurkezpenean, eta sari hauek ematen dituzten aukerak aipatu zituzten: «Diru apur bat, titular batzuk komunikabideetan, testuaren argitalpena, webgunean behinik behin, eta horren ondorioz, antzezlana ezagutaraztea eta benetako saria, antzeztua izateko aukera gehiago edukitzea».
Saritutako lan hauen proiekzioaz kasu batzuetan irakurketa dramatizatuak ere egin direla zehaztu zuten.
Ildo beretik, antzezlan laburren gidoigintza bultzatzea du helburu ostalaritzako negozio honek antolatzen dituen sariok. Gainera, argitalpenak Kafearen mendeurrenaren ospakizunekin batera iritsi dira, Bilboko bihotzean ehun urte zabalik eman baititu lokalak.
Mikel Martinez Kafe Bar Bilbaoko gerente eta aktoreak nabarmendu zuenez, azken 20 urteetan kafetegiak harreman estua izan du kultura arloarekin, eta bide horretatik jarraituko duela esan zuen, teatro gidoi laburren lehiaketaren edizio berri bat iragarriz. Dagoeneko, zabalik dago izena emateko epea azaroaren 30era arte.
Edizio berri bat martxan
Oinarriak Kafe Bar Bilbaoren web orrian daude. Hala ere, iragarritakoaren arabera, formatu txikiko gidoiek «lanaren beharrizan teknikoak eta artistikoak» txikiak izateari begiratu behar diote. 30 minutu inguruko antzezlan bati dagokiona, azaldu zutenez.
Sariei dagokienez, 1.400 euro jasoko du euskarazko lanak eta 1.200 euro gaztelerazkoak. Saritutako gidoiak argitaratuak izango dira. Ekimenak berriro ere Artezblai argitaletxea eta Tartean Antzerki Teatro Taldearen laguntza izango du.