GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Bigarren Maila

Euskal jokalariek garrantzi handia dute Guadalajaran

Saizar, Jonan Garcia, Arriaga, Gago eta Terrazas entrenatzailea dira bertan dauden euskal hiritarrak.

p036_f01-199x116.jpg

Jon LEUNDA

Guadalajara modan jarri den taldea da. Bigarren A Mailara igo berria da eta lehen postuan dago jadanik. Euskal hiritar asko ere hara begira gaude, taldeko entrenatzaile Carlos Terrazas eta lau jokalari, Saizar, Gago, Arriaga eta Jonan Garcia, euskal jokalariak baitira. Udan gehiago ere fitxatu nahi izan zituen, baina hauekin konformatu behar izan zuen.

«Gauzak primeran doazkigu. Lehen partida berdindu genuen etxean Las Palmasen aurka, gero Xerezen irabazi egin genuen, eta horrek konfiantza eman zigun, eta hemen gaude, igotzeko postuetan», adierazi du Mikel Saizar atezain gipuzkoarrak. Lau euskal jokalarien artean berak darama denborarik gehien, iaz heldu baitzen taldera.

Berak ere gustura hartu ditu Guadalajarara iritsitako euskal jokalariak: «Hemen oso giro ona daukagu, baina azkenean hurbilekoak etortzea oso polita da. Harreman berezia egiten duzu, eta oso gustura nago beraiekin. Gainera, Jonan Garcia ezagutzen nuen, lehen Athleticeko harrobian elkarrekin jokatu baikenuen», azaldu du Mikelek.

Beste jokalari euskaldunentzat ere hasiera honetan Saizar garrantzitsua izan dela dio Jonan Garciak: «Guretzat Mikel hemen egotea oso garrantzitsua izan da. Hiria erakutsi digu, aldagelan sartzen lagundu digu, taldeko giroa hobeto ezagutzen, premiazkoa izan da».

Guadalajararen hasiera bikainak sekreturik ez du, Jonanen esanetan: «Lana eta lana, hori da gure sekretua. Gero, gauzak ongi hasi zaizkigu, konfiantza handia hartu dugu, eta hori oso garrantzitsua da. Aldagelan daukagun giroa ere bikaina da, eta horrek ere asko laguntzen du».

Aldagelako giroa, hori azpimarratu nahi izan du Saizarrek: «Aldagelan sekulako giroa daukagu. Jokalaririk gehienak iazkoak gara, ez daukagu izarrik, denok berdintsu kobratzen dugu, eta elkarrekin primeran moldatzen gara. Horrela lanean aritzea gozamena da».

Taldeak jokalariei ordainketak zuzen egiten dizkie, eta hori ere garrantzitsua da. «Etxetik kanpo urte batzuk daramatzagunoi tokatu zaigu talde batzuetan kobratu ezinik ibiltzea, baina Guadalajarak dena zuzen eramaten du, eta hori oso garrantzitsua da. Ez da asko ordaintzen duen talde horietakoa, baina agindutakoa betetzen duena bai, eta hori da garrantzitsua. Nik nahiago dut, orain bezala, gutxiago kobratu, baina hilabetearen amaieran kobratu, eta ez asko eskaini eta gero kobratu ezinik ibili. Horretan ere bikaina da Guadalajara, aitzakiarik gabeko taldea», esan du Mikel Saizar atezain ibartarrak.

Jokalariek badakite egoera horri eustea zaila izango dela, eta beraien ustez, zaleak ere horretaz konturatzen omen dira. «Iaz taldea igo zen, eta aurten lehenengo gaude, partidak irabazi eta irabazi ari gara, baina badakigu hau ez dela betiko. Bolada txarrak ere etorriko dira, eta uste dut jendeak ere hori badakiela, eta orduan ere geure alboan jarraituko duela», baieztatu du Jonan Garcia jokalariak.

Izan ere, denek garbi dute helburua mailari eustea dela. «Guk garbi daukagu helburu bakarra mailari eustea dela, eta ahalik eta azkarren lortzen badugu, askoz ere hobeto. Behin hori lortuta, beste aukera batzuk baldin baditugu, ikusiko dugu, baina oraingoz, mailari eustea soilik dugu buruan», nabarmendu du Mikel Saizarrek.

Jokatzen

Saizar, Jonan Garcia eta Arriaga titularrak dira, eta Gagok hasieratik partida bakarra jokatu badu ere, gainerako neurketa guztietan ere minutuak izan ditu. Beraz, laurak dira garrantzitsuak Carlos Terrazasentzat.

«Entrenatzaile bikaina da. Asko eskatzen du, baina gero denekin oso harreman ona dauka. Iazko igoeraren meritua, hein handi batean berea izan zen, eta aurtengo hasiera onarena ere baietz esango nuke», aitortu du Saizarrek.

Giro bikaina

Aldagelako giro bikaina nabarmentzen dute denek. Jokalari guztiak tankera berekoak dira; ez dute izarrik, denek berdintsu kobratzen omen dute eta horrek elkarren arteko harreman ona bultzatzen du.

talde zuzena

Gaur egun futbolari askok dituzte kobratzeko arazoak, baina Guadalajarak oso zuzen jokatzen du horretan, agindutakoa hilabetero ordaintzen baitu. Hori izan liteke taldearen ibilbide onaren beste arrazoietako bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo