2012ko aurrekontuetan aintzat hartzea eskatu dute euskaltegi homologatuek
GARA |
Euskaltegi pribatu homologatuen sareko ordezkariek agerraldia egin zuten atzo goizean Gasteizko Legebiltzarreko Kultura eta Gazteria Batzordean, euskaltegien lanaren eta lan-egoeraren berri eman eta sarea egonkortzeko beharrezkotzat dituzten neurriak azaltzeko.
Finantziazio publiko eredu egonkor bat diseinatzeko, eta, bereziki, sektorearen lan eta soldata baldintzak egokitzat jotzen diren erreferentzien arabera hobetzeko eskaera luzatu zuten.
Era berean, «ezinbestekotzat» jo zuten euren planteamenduak Lakuako 2012. urteko aurrekontuetan isla izatea, «bestela, ez baita normalizatuko sektore hau». Eta Lakuaren hurrengo urteko aurrekontuak onartzeko hiru hilabete eskas falta direla gogoratu zuten.
Lehendakaritzan, uztailaren 11n adostu bezala, urriaren 18an izango dute aurreneko bilera eta atzo legebiltzarrean jasotako onespena gauzatzen hastea espero dute euskaltegiek.