GARA > Idatzia > Kultura

Euskal Liburutegi Digital berria eta Hedatuz, Europeana datu basean

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Euskal Liburutegi Digitala 3.000 titulu inguru eta 350.000 irudi baino gehiagorekin sortu du Lakuako Kultura Sailak, eta urtea bukatu aurretik beste 300.000 orri gehituko dira. Plataformaren bidez, euskal bibliografia ondarea zaintzeaz gain, ikerlariek eta herritar guztiek ondare hori erabiltzeko aukera izango dute.

Ondokoek osatzen dute Liburutegiaren hasierako bilduma: Eusko Legebiltzarreko ondare funtsa batetik, 1.246 bat titulurekin (270.500 bat irudi eta 1.068 bat inprimaki); antzinako funtsa (1830era arte) eta XX. mendera arteko euskarazko erlijio-obren bilduma bat barne. Funts adierazgarrienen artean, 170 eskuizkribu identifikatu eta euskal kultura eta historiografia ikasteko ondare-balio handia duten ale bakar eta bitxiak, hala nola, Betolazaren «Doctrina Christiana en romance y basquence» (Bilbo, 1596), edota Axularren «Guero»ren lehen eta bigarren edizioak (Bordele, 1643. urtekoa eta XVIII. mendeko hasierako hamarkadakoa, hurrenez hurren). Bestetik, Loiolako Santutegiko bibliografia funtsa ere barneratu da. Oraingoz, euskarazko 325 lan sartu dira, bakarrak eta ondare balio handikoak.

Eta, azkenik, Micaela Portilla Funtsa eta Manuel Iradierren lanak, Arabako Aldundiaren liburutegikoak direnak. Prentsa historikoa, adibidez, «La ilustración de Álava» (9 bolumen) edo Micaela Portillaren tesia (hiru tomo) topa daitezke bertan.

Euskal liburutegi digitalaren eduki osoa Europeana-n ere zabalduko da; hau da, kontinente guztiko 1.500 erakunde ingururen hamabost mila objektu digital baino gehiago dituen europar dokumentu base handian.

Liburutegi horrekin batera, base horretan bertan Eusko Ikaskuntzaren Hedatuz liburutegi digitala ere barneratu da.

Eusko Ikaskuntzak kudeatzen duen liburutegian material propioa zein beste kultur eragileena biltzen ditu. Guztira, 7.632 artikulu ditu. Guztietan testu osoa eskaintzen da eta gaiak askotarikoak dira. Historia, Antropologia eta Arteak dira nagusi, eta horien ondotik, Zientzia Politikoak, Soziologia eta Linguistikaren ingurukoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo